Martxan da Xare Euskerazko Kultura Digitalaren jardunaldia Amorebieta-Etxanon

Bizkaie! 2025-10-24 12:52   Kulturea

Sara Zozayak kontzertua eskaini dau. 

Daborduko zazpi urteko ibilbidea egin dauen Xare egitasmoa lehenengo aldiz egingo da Amorebieta-Etxanon.

Gazteak, informazinoaren eta komunikazinoaren teknologiak eta euskerea dira jardunaldiaren zutabeak. Lanabesak ezagutu ezeze, ikasleek tresna horreek balioan jartea gura dabe, gazteak, hartzaile-konsumitzaile izatetik, euskerazko ekosistema digitala aberastuko daben sortzaile eta garatzaile izatera pasau daitezan. Era berean, plano digitalean be pensamendu kritikoa garatzeko tresnak eskaini gura dabe.

Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Azkue Fundazinoak babesten daben saio horrek Amorebieta-Etxanoko Zornotza, El Carmelo, Lauaxeta Ikastola eta Urritxe ikastetxeetako eta Durangoko Fray Juan de Zumarraga eskolako Bigarren Hezkuntzako 200 ikasle batu ditu. Udalaren eta Azkue Fundazinoaren ordezkariek bertatik bertara jarraituko ditue jardunaldiaren nondik norakoak eta parte-hartu dabe Xare ekimeneko lantaldeak Zelaieta Zentroan gazteei egin deutsen harreran.

Edukiak eta formatuak 

Gazteek 3 gune ditue Zelaieta Zentroan: Ikas gunea (tailerrak), Era gunea (hitzaldiak) eta Jolas gunea. Hiru taldetan banatuta eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz disfrutetan dabiz: 

  • 6 lantegi: lanabes digitaletan trebatzeko eta horreen aplikazino errealak ulertzeko.
  • Errastu digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko berbaldi interaktibo bi.
  • Azkue Fundazinoak sustatzen dauen Memeka Lehiaketan Ainhoa Etxebarria aktorearen eskutik parte-hartzeko tartea, baita Egunean Behin olgetearen zuzenekoa be.

Musikea produziduteko hasierako lanabesak, argazki-teknikak, robotikea, bideojokoak, errealidade birtuala, 3D inprimagailuak, appak sortzeko lanabesak, Adimen Artifiziala, pribatutasuna sarean eta bestelakoak dira gazteek jorratuko dituen gaiak. Euskerazko uniberso digitala elikatzen dabizen profesional eskarmentudunak arduratuko dira Xare programea osotzen daben jarduera horreek guztiak gidatzeaz, euren pasinoa erakutsi gura deutsee gazteei, besteak beste: Eragin Komunikazinoa, Talaios Kooperatibea, Elurmatua Proiektua, Gisa Alkartea, Emaize Sexologia Zentroa, Mundu Barriak barrikuntza sexologikorako irabazi asmorik bako alkartea, Codesyntax, Protomakers Club, Katubi Ikus-entzunezkoak, Game Erauntsia euskerazko bideojokozaleak, DJ Makala eta Ainhoa Etxebarria.

Zuzeneko Musikea

Goizeko 10:45ean, Sara Zozayak kontzertua emon dau. Attä izeneko EPa atarako dau zemendiaren 11n, Alejo Orbegozo Ke_Lepogaz batera sortu dau eta daborduko hasi da hainbat doinu aurreratzen. 

Amorebieta-Etxano, 2025-2026 ikasturteko bosgarrena

Amorebieta-Etxanoko hitzordua Xare jardunaldien bosgarren topagunea izango da 2025- 2026 ikasturtean. Bilbo, Iruña, Baiona, Barakaldo eta Amorebieta-Etxanon egin ostean, Errenterian, Laudion, Donostian eta Gasteizen izango da. 2017an martxan jarri ebenetik 2025era arte, 14.340 gaztek hartu dabe parte Xare  jardunaldietan. 2025-2026 ikasturtean, 4.570 gazteengana hurreratuko da Euskerazko Kultura Digitala sustatzen dauen egitasmoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu