Martxan da Ikerlari Gazteen Sariketea
2025-10-28 09:00 KultureaLanak aurkezteko azken eguna 2026ko bagilak 14 izango da.
Gerediaga Alkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kulturea eta gizartea jagon, ikertu eta zabaltzeko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuari eutsiz sortu eban 2022an Durangaldeko Ikerlari Barrien Saria. Orain, bosgarren deialdia jarri dau martxan.
Euskerazko ikerketa eta dibulgazino lanak sustatu eta ezagutzera emongo dira, kategoria bakarrean: 35 urtera arteko gazteek parte hartu ahalko dabe eta sari bakarra izango da, 1.500 eurokoa. Gainera, Astola Aldizkarian ikerketa lanaren laburpena argitaratzeko aukerea emongo jako irabazleari.
Ikerketako gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da. Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazino lana izan daiteke: historia, gizartea, kulturea, hizkuntzea, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musikea zein bestelakoak. Lana euskera hutsean aurkeztu behar da, jatorrizko lana eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.
Bakarkako lana edo taldelana izan daiteke. Eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da eta taldelana bada, taldeko kide batek gitxienez bete beharko dau baldintzea.
2026ko bagilaren 14ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Lanak gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora bialdu beharko dira. Egitasmoak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa dauka.
Aurreko deialdietako irabazleak
Lehenengo edizinoan, gazteenen kategorian ikus-entzunezko bi saritu ziran: Peio Martin Estevezen (Zornotza) Elkarrizketa amamarekin eta Ibone Gomez Tamayoren (Zaldibar) Euskal bidaiariak. Nagusien kategorian, Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaerea aztertzen dauen idatzizko ikerketa-lana izan zan irabazlea (Adrian Burgada Ereñoren (Durango) Ibaizabal ibaia).
Bigarren edizinoan, lan bik jaso eben saria: Gazteenen kategorian Jokin Camarero Garaik (Durango) idatzitako Durangadeko Mitologia lana eta 19 urtetik gorakoen kategorian, Otxandion izan zan Garavilla S. A. arrain konserba fabrikeari buruzko ikerlana, Xixili Bengoetxea Llonak (Otxandio) idatzita.
Hirugarren edizinoan (2024) Marta Calvo Larraldek (Durango) jaso eban saria, Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia frankismoaren ongintza sistemaren hastapenetan izenburuko lanagaitik. Ikertzen dabilen tesi doktoralaren parte da.
Laugarren edizinoan (2025) Pello Zabarte Narbaizak (Zaldibar) jaso eban saria Bitor Garitaonandia. Euskal Pizkundean dagokion lekuaren bila lanagaitik, urtebete lehenago aurkeztutako Master Amaierako Lanaren laburpena.
Konsultau oinarriak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
