'Igogailua' antzezlanaren aurrestreinaldia zemendiaren 28an Bilbon

Bizkaie! 2025-10-29 07:54   Kulturea

La Fundición Aretoan eskainiko dabe.

Fábrica de brujas-Sormen kolektiboa antzerki konpainiak gaixotasun baten diagnostikoa ardatz hartuta benetako esperientzia taularatuko dau. Tragikomedia garaikidea da eta protagonistea igongailu batean harrapatuta geratzen da, ez doa gora ez behera.

Arantza López aktore eta zuzendariaren proposamena da eta Fábrica de Brujas-Sormen Kolektiboak sustatzen dau. Aktore lanetan Itziar Fragua, Leire Ormazabal eta Aiora Sedano aktoreak dagoz.

Antzezpenaren ondoren, zuzendariak eta aktoreek barriketaldi berezian parte hartuko dabe publikoagaz obrako hainbat alderdi jorratu, eretxiak trukatu eta hausnarketak konparetiduteko.

Astebete aurrerago Getxoko Muxikebarri antzokian estreinauko da, abenduaren 5ean. Emonaldi bietarako sarrerak salgai dagoz La Fundicioneko eta Muxikebarriko leihatiletan eta webguneetan. Antzezlana euskeraz da.

Sinopsia

Igongailua obrea esperientzia erreala dau oinarri: lehenaldi eta geroaldi bat marketan dauen gaixotasun baten diagnostikoa, hain zuzen be. Erortea izan eitekeana, bere barru-barrurako bidaia bihurtzen da.

Protagonistea igongailu batean harrapatuta geratzen da. Igongailua ez da igoten, ezta bajatuten be; inkontzientearen geruza ezbardinetan geratzen da. Espazio-ez-dan-horretatik, bere pertzepzinoa zabaldu egiten da eta beste errealidade batzuetara edegiten da. Ibilbidean zehar, lagunakaz eszenak konpartiduten ditu, eta eurekaz barre egiten dau, aurre egiten deutso, bermatu eta hausi egiten da. Alkarregaz pasetan dira bildurra, frustrazinoa, desirea eta itxaropena.

Jatsiera sinboliko horretan, protagonistea bidaia sentsorial eta oniriko batean sartzen da eta plano fisikokoak ez diran izakiakaz kurutzatzen da: hildako amoma, barruko ahotsak, antxinako memoriak… Eta presentzia kezkagarri bat: Lasombra, eten barik erasoten dauen izaki iluna eta bere bildur sakonenei aurre egin behar deutse.

Espazio eszenikoa erabat biluzia da: oihalik eta eszenografia tradizionalik barik, antzerkiaren hutsunea, mikrofono bat eta masaje-ohatila bat besterik ez, emakumezko aktoreek barrurako bidaia hau eregiteko behar daben guztia zabaltzeko.

Fábrica de brujas

Oraintsu sortutako antzerki-konpainia bat da, arte eszenikoetan hogei urte baino gehiagoko ibilbidea daben profesionalek osotua: Arantza López antzezle, zuzendari, antzerkigile eta pedagogoak sortu eban konpainia, hizkuntza eszeniko barriak (lengoaia eszenikoak) aztertzeko begiradak eta esperientziak batzeko bultzadearen ondorioz. Urteetan zehar, kolektibo horren bideak hainbat sormen-proiektutan kurutzatu dira eta, horren ondorioz, beste urrats bat emon eta antzerki-konpainia dira orain, antzerkia erabiliz barruan dabena kontetako eta komuniketako moduak alkarregaz ikertzeko asmoz.

Ekipoa

Arantza López aktorea, zuzendaria, irakaslea eta produktorea da, eta 20 urtetik gorako esperientzia dau arte eszenikoetan. Interpretazinoan lizentziaduna RESADen, BAIn eta Euskadiko eta Madrilgo beste eskola batzuetan. Antzerkian, telebistan eta zineman lan egin dau. Irakasle lanak be egin ditu Dantzertin eta antzerki fisikoko eta clowneko tailer espezializatuetan. Fabio Mangolini eta José Piris erreferenteakaz kolaborau dau. Terapeuta holistikoa be bada eta antzerki terapeutikoko tailerrak emoten ditu.

Erosi sarrerak hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu