Pabellon 6eko Gazte Konpainiak eraikin barria estreinauko dau
2025-10-28 13:53 KultureaBihar, urriak 29, Declaración de amor (para siempre) obreagaz.

Dauela pare bat aste, Pabellón 6ek azken antzezlana hartu eban, ¡Ay, Carmela!, eraikina barritzeko lanak hasi aurretik. Aste batzuk geroago, Gazte Konpainiaren espazio barria inaugurau dabe.
Egurrez eta metalez barritutako eraikin horretan, 110 besaulkiko aretoa dago, baita kamerinoa, entsegu-gelea eta barra txiki bat. Halanda ze, 600 metro karratuko espazioa dauen jabetza publikoko eraikina, Pabellón 6eko taldeak kudeatzen jarraituko dau.
2025-2026 programazinoa
Antzezlanak urriaren 29an hasiko dira, Magne Van Den Berg holandarraren Declaración de amor (para siempre) irakurketa dramatizaugaz. Peter Handkeren Insultos al público lanean oinarrituta dagoan obrea, Madrilgo La Abadia Antzokian programau eben lehen aldiz, eta Ronald Brouverrek eta Patxo Telleriak itzuli eta egokitu dabe. Ramón Bareak zuzendu dau eta Gazte Konpainiako antzezleak dira protagonista: Alazne Astorga, Nagore Cenizo-Arroyo, Itxaso Gil, Leire Ormazabal, Izar Pizarro, Arnatz Puertas eta Markel Vázquez.
Zemendiaren 6an Muro de Piedra produkzino propioaren estreinaldia izango da eta jarraian emakumeek zuzendutako hiru lan aurkeztuko ditue: Lovesong, El despertar de primavera eta La noche.
Horreezaz gan, betiko lez, Sortzaile Barriak, Antzerki Arina eta Antzerki Amateurra egitasmoak atondu dira. Hori guztia, ikastaro, tailer eta eskola magistralekaz batera.
Gazte Konpainia - Pabellón 6 Proiektua
Ramón Bareak esan dauanez: Gazte Konpainiaren espazioa amesa betetzea da, izan be, behin-betiko egoitzea dogu. Gazte Konpainiaren lehen promozinotik ikusi dogu zelan sendotu dan proiektua, talentuen benetako harrobia izan arte. Gertuko antzokia izaten jarraituko dau. Antzerkiaren kontu horretan serio olgetako espazioa, artistek eta publikoak autokudeautako espazioa.
Patxo Telleriak eta Irene Bauk osotzen dabe zuzendaritza artistikoa. Gainera, Arte Eszenikoetako hainbat kideek aholkulari bezela dagoz, besteak beste, Betitxe Saitua, Juana Lor, Felipe Loza, Iñigo Cobo, Sandra Martín, Itziar Lazkano, Galder Irusta eta Ione Irazabal.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
