Ekaitz Herrerak irabazi dau Augustin Zubikarai Saria
2025-10-29 08:35 KultureaHondar batean arre lanagaitik.

- (Ekaitz Herrera eta Julen Apella).
Ekaitz Herrera idazle abadiñarrak irabazi dau Ondarroako Udalak eta Elkar Argitaletxeak atontzen daben Augustin Zubikarai Saria. Aurkeztutako hogeita bost lanen artean, Hondar batean arre izenekoa hautatu dau Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osotutako epaimahaiak. Halanda ze, Ekaitz Herrerak lortu dau zortzi mila euroko saria, baita haren nobelea Elkar Argitaletxearen eskutik argitaratzea be, hemendik urtebetera. Saria bariku arratsaldean emon eutsen, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan eta ekitaldi berean aurkeztu eben igazko proposamen irabazlearen emoitzea, Julen Apellaren Sakelako bihotzak eleberria.
Hondar batean arre nobeleak Mattin aurkezten deusku, 60 urteko gizona, ospitalearen aurreko postuan loreak saltzen dituana. Negozioa txarto doa, beraz, kalean ikusiko dau bere burua. Halanda ze, bizileku barria topauko dau, ikasle-pisu batean. Ia berrogei urte gazteagoak diranakaz biziten ikasi beharko dau, euren ohiturak ezagutuz. Horreezaz gan, bizi osoan inoiz maitemindu ez dan eta hori zer dan be ez dakian gizonak haren buruan hobeto ezagutu eta deskubriduko dau. Epaimahaiak, besteak beste, lanak daukan umorea azpimarratu dau, baita idazkera dotorea, alkarrizketen freskotasuna eta erritmo bizia be.
Ekaitz Herrera Azkarraga (Abadiño, 1986)
Ikus-entzunezko komunikazinoan graduatua. Hainbat lan egin dau euskerazko hedabideetan. ETBko hainbat saiotan esku hartu dau erredaktore eta gidoilari lanetan, besteak beste, Herri txiki, infernu handi, Bisitaria, Burubero eta Sautrelan telesailetan. Azken urteotan, Durangaldeko Anboto tokiko komunikabidean dabil erredakzino buru. Hondar batean arre da haren lehenengo obra literarioa.
Augustin Zubikarai Saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketea izan zana, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka konbertidu zan. Ondokoak izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituen lanak:
- 2010: Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume).
- 2011: Itxaso Araque, Damutzen ez direnak.
- 2012: Garbiñe Ubeda, Hobe isilik.
- 2013: Garazi Kamio, Orube abandonatuak.
- 2014: Jasone Osoro, 12etan bermuta.
- 2015: Miren Gorrotxategi: 33 ezkil.
- 2016: Katixa Agirre, Amek ez dute.
- 2017: Xabier Etxeberria, Berriro itzuliko balitz.
- 2018: Eneko Barberena, Afrikanerrak.
- 2019: Idoia Garzes, Mendiko gaitza.
- 2020: Lander Garro, Faith.
- 2021: Mikel Alvarez Sarriegi, Euskalia.
- 2022: Patxi Zubizarreta, Loak ezkutatzen duena.
- 2023: Karmele Mitxelena, Zoriona, edo antzeko zerbait eta Goio Ramos, London Calling.
- 2024: Julen Apella, Sakelako bihotzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
