Personak eta erakundeak batzea da helburua, Jorge Oteiza sortzailearen figurea bultzatzeko
2025-10-28 08:26 KultureaArtistearen jaiotza-urteurrenagaz bat, Danok Oteiza Fundazinoa sortu dabe.

Artistearen pentsamenduaren eta haren sorkuntza eta kultura-ondarearen inguruan atondutako komunidadea. Erakunde bizia eta Museoak Altzuzan jorratzen dituan jarduera eta ekintzak osotzea izango da haren egitekoa.
Danok Oteiza komunidadeak Oteizaren ikusmoldeari berari erantzuten deutso: artea eta sorkuntza tresna boteretsuak dira eraldaketa sozial eta kolektiborako, eta lagungarriak dira, espiritu kritikoa sustatzeko eta iruditeria partekatua sortzeko.
Komunidadea erreferentzia izango da Jorge Oteizaren idea sortzaile, estetiko eta kulturalak konpartidu nahi dituen eta idea horreekaz identifikau nahi daben persona edo erakundeetarako, dinamika partekatu batean esku hartzeko eta alkarri eragiteko. Hola, alkarregaz proiektauko dituzte bizitea eta kulturea egungo gizarterantz.
Komunidade edegia Oteiza Museoaren jarduna osotzeko. Esangura horretan, eboluzionau eginen dau denporan eta espazioan, bere kideen ekarpenakaz batera.
Komunidadeak Jorge Oteiza Fundazinoak estatutuetan jasotako konpromisoari erantzuten deutso eta hor nabarmentzen da alkarte bat eratzeko beharra: lankidetzea sustatzea fundatzailearen lana ezagutzeko eta zabaltzeko interesa daben persona guztien artean, bai eta Fundazinoaren helburuak garatzen laguntzen dauen jarduera danak babestea eta sustatzea be. Oteiza Fundazioak sustatua da eta ondokoak dira helburu nagusiak:
- Jorge Oteizaren obra eta pentsamendua zabaltzea, Fundazinoak berak eta beste erakunde batzuekaz lankidetzan bultzatutako ekintzen bidez.
- Komunidade edegi eta askotariko bat eratzea sortzailearen ideen inguruan, partaidetzan oinarrituta.
- Lankidetzarako egitura iraunkor bat sendotzea, helburu horrek lortzeko beharrezkoak diran ekintzak garatzen laguntzeko.
Komunidade horretan parte hartzeko, zenbait kategoria sortu dira; eta izenak Oteizaren iruditeria estetikoan oinarrizko kontzeptuetan oinarrituta dagoz:
- Cromlech: Proiektua sustatzen daben erakunde biak batzen ditu (Nafarroako Gobernua eta Jorge Oteiza Fundazino Museoa).
- Gaur (bazkide estrategikoak).
- Emen (mezenasak).
- Orain (laguntzaileak).
- Baita (erakunde adiskideak).
- Hitza (komunikabideak).
- Itziar (Oteizaren emaztea omentzeko, kide indibidualak izango dira): 30 € urtean.
Kontuan hartu beharrekoen taulea.
Danok Oteiza Fundazinoaren lagunak.
Fundazinoaren egoitzan, Altzuzako (Nafarroa) Oteiza Museoan, Danok Oteiza komunidadearen aurkezpen ofizialean askotariko jarduerak atondu dira, eta zenbait diziplinatako artistek parte hartu dabe:
- Oskar Alegriak eginiko Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoaren aurkezpena.
- Saioa Alkaiza eta Julio Soto bertsolarien emonaldia.
- ZUK Performing Arts etxearen ikuskizuna, Quousque Tandem Abutere piezeagaz.
- Oteizaren poesia, Jara Calvok errezitauta.
- Oier Etxeberria eta Garazi Navasen Eskua Askea kontzertuaren aurkezpena.
- Argia Ikerfolk taldeak Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregiren Apostoluen soka-jantzea interpretau dau.
Danok Oteiza komunidadearen lehen proiektuak
Komunidadearen parte diran erakunde eta personen laguntzeari esker, badira zenbait proiektu martxan, oinarrizkoak komunidade hau eratzeko.
Oteiza 14 apostolu
Oskar Alegriaren Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoa, Jorge Oteizaren ideei buruzkoa: askotariko inguruabarretatik etorritako hamalau figura kulturalek esku hartzen dabe, danak Orioko sortzailearen obreari eta pentsamendu estetikoari lotutako diziplina artistikoen eta interes kulturalen aniztasuna irudikatzen dabe. Proiektuaren egiturea zehazten dauen premisea parte-hartzaile bakotzari eginiko konbita da, Oskar Alegriak iradokitako kontzeptu zehatz bat irudikatzen dauen maskara bategaz interakzinoan jarduteko:
- Alicia Otaegui, apostolu maskaraduna.
- Ignacio Aguero, apostolu amerikarra.
- Iban Urizar, airearen apostolua.
- Esther Ferrer, isiltasunaren apostolua.
- Oskar Alegria, ipar-mendebaldeko apostolua.
- Josu Iztueta, mendiko apostolua.
- Sho Hagio, Ekialdeko apostolua.
- Jaione Apalategi, apostolu klarionaduna.
- Richard Deacon, fabricator apostolua.
- Maialen Lujanbio, bertsoaren apostolua.
- Bernardo Atxaga, labirintoaren apostolua.
- Kepa Akixo Zigor, egunsentiko apostolua.
- Bertha Bermudez, keinuaren apostolua.
- Altzuzako lizarra, azken apostolua.
Proiektu hau Jorge Oteiza Fundazino Museoaren eta EiTBren arteko lankidetzearen emoitzea da, azken horrek produzidu eta finantziau baitau ikus-entzunezko horren errealizazinoa. Oteiza, 14 apostolu Primeran plataforman, ETBn eta eitb.eus atarian zabalduko da. Horrezaz gan, Oteiza Museoaren tailer-etxean be proiektauko dabe.
Asisko Urmeneta idazle eta marrazkilariaren eleberri grafikoa
Jorge Oteizari buruzko nobela grafiko bat egiteko asmoaren bidez, irudiz eta testuz zabaldu nahi dira Oteizaren obra, biografia eta pentsamendua, gizartean inpaktu handia dauen eta beste publiko batzuekazin konektetako aukerea emongo duen zabalkunderako tresna bat erabiliz. Proiektu hori atontzen dabi gaur egun, eta 2026aren amaieran argitaratuko da euskeraz. Jarraian, gaztelaniaraz, frantsesera eta ingelesera itzuliko da.
Oteiza Museoaren gidea
Oteiza Museoko Gidearen ale berri bat berrargitaratu da Crdiva etxearen lankidetzeari esker. Gida hori oinarrizkoa da museoa zehatz bisitetako, baita Jorge Oteizaren irudia zabaltzeko argitalpen lez be.
Ondoko erakundeen lankidetzea eta babesa jaso dabe eta Fundazinoak biziki eskertzen dau guztien eskuzabaltasuna:
Nafarroako Gobernua; Gipuzkoako Foru Aldunda; Iruñeko Udala; Eguesibarreko Udala; Altzuzako Kontzejua; Alse; Benitoren; Cardiva; Ekolo; Franziska; Iñaki Aldatz argazkigintza; K5 Upetelgia; Otazu Upeltegiak; eta EITBren lankidetza berezia.
Jorge Oteiza Fundazinoak Artingenium Art Office etxearen alkarlana eta laguntzea izan ditu proiektu hau martxan jarteko
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
