Badator Gau Baltza - Arimen Gaua

Bizkaie! 2025-10-28 10:09   Kulturea

Egitasmoa prestetako materiala hemen dago eskuragarri.

Santu Guztien Egunaren bezperako ospakizuna da Gau Baltza, arbasoen akordua eta neguaren hasierea buztartzen dituana. Aspaldikoa da jaia Euskal Herrian, baina azken hamarkadetan, kultura globalaren eraginak ohitura zahar askoren galerea ekarri dau. Hori dala eta, hainbat herritan daborduko horren (ber)interpretazinoari esker komunidadeak aktibetan hasita dagozela ikusita, Taupak 2018an jarri eban martxajn Gau Baltza berreskuratzeko proiektua.

Harrezkero, azkar hedatu da: gaur egun Euskal Herriko 70 auzo, herri eta uri baino gehiagotan egiten da, neguaren etorrera iragartzeko eta komunidadea sendotzeko bihurtuta. Besteak beste, uriburu nagusietan, Bermeon, Getxon, Ondarroan, Eibarren, Donostian, Astigarragan, Errenterian, Bergaran, Lezon, Mutrikun, Aramaion edo Zuian atontzen dabe Gau Baltza. 

Interes horren adierazle da be, urtero Taupak atontzen dituan formazino saioetan parte-hartzen daben herrietako ordezkarien gorakadea: aurreko urtean berba egiteko tartea izan genduan Nere Erkiaga Hil arte Bizi Alkarteko kideagaz eta Edurne Mitxeo idazleagaz. Guztira, 130 persona batu ziran formazinora, adierazo dau Andoni Urzelai Taupako ohiturak Bizibarritzen proiektuko koordinatzaileak.

Formazinoaz gan, Gau Baltzaren prestaketea lanetan laguntzeko, Taupak gaubeltza.eus webgunean beharrezko material guztia gura dauen orok erabilteko moduan jarri dau. 

Horrezaz gan, hitzordu interesgarria be aurkeztu dabe: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. astearen barruan, Taupak, San Telmo Museoagaz eta zinema-asteagaz alkarlanean, berbaldi berezia atondu dabe, urriaren 29an, 18:00etan, San Telmo Museoan. Hiru hizlari izango dira: Aritza Bergara (idazlea eta mitologiaren aditua), Izko Lekuona (Altzako Bizarrain Alkarteko kidea) eta Nekane Martiarena (oiartzuar hezitzailea). Gau Baltzaren jatorriaz, esangura eta gaur egungo garrantziaz ibiliko dira. Ekitaldia doban izango da.

Santu Guztien Egunaren bezperako jaia munduko herrialde gehienetan egiten da, bakotxak haren modura: anglosaxoniarrek Halloween deitu deutse, Latino Amerikan Hildakoen Eguna, eta gurean Arimen Eguna izenez ezagutua izan da historian. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu