Gazteen artean bardintasuna eta errespetua sustatzea da asmoa
2025-10-24 09:29 KultureaEuskerearen erabilerea balorauko da.
Errespetuan, bardintasunean eta askatasunean oinarritutako jarrerak zabaldu eta sustatzeko helburu nagusiari eutsiz, Mungiako Udalak, bardintasun-zerbitzuaren bitartez, Beldur Barik 2025 tokiko lehiaketea jarri dau martxan. Mungian erroldautako edo herriko ikastetxeetan ikasten dabizen 12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dabe. Lanek, ikus-entzunezko formatuan, gehienez be 3 minutuko iraupenekoak eta originalak izan beharko dabe, euskeraz, gaztelaniaz, hizkuntza bietan edo beste hizkuntza batzuetan entregau ahal izango dira, beti bere euskerazko edo gaztelaniazko azpitituluak baditue. Euskerearen erabilerea balorauko da.
Beldur Barik programearen bidez, gure gazteei protagonismoa emon nahi deutsegu, askatasunez adierazoteko eta gizarte justuago, bardintasunezkoago eta indarkeriarik bako gizarte bat eregiteko balioei buruz hausnartzeko espazio bat eskainiz. Hareen begiradea oinarrizkoa da ezbardintasunik bako etorkizunerantz aurrera egiteko azpimarratu dau Alaitz Erkoreka Baraiazarra Mungiako alkateak. Mungia beti izan da bardintasunagaz eta parte-hartzeagaz konprometidutako udalerria. Lehiaketa hau gazteen ahotsak entzuteko eta errespetuz eta sormenez eraldaketa sozialean daben inplikazinoa autortzeko aukerea da, nabarmendu dau.
Sariak
Mungiako Udalak lekuan lekuko sari bi emongo ditu, banakakoa edo taldekoa:
- Lehenengo kategoriako saria (12-16 urte, 2009 eta 2013 artean jaiotakoak) 250 eurokoa izango da.
- Bigarren kategoriakoa (17-20 urte, 2005 eta 2008 artean jaiotakoak), 350 eurokoa.
Epaimahaiaren erabagia Udalaren webgune ofizialean argitaratuko da eta irabazleei zuzenean jakinarazoko jake.
Beldur Barik jarrerea
Jarrereak bere bikote edo bikote-ohiaren eskuz indarkeria fisikoa sufriduten dauen emakume helduaren estereotipoa gainditzea eskatzen dau eta neska gazteek euren bizitzen esparru guztietan sufriduten dituen indarkeria matxistearen jokabide anitzak ikustarazoteko lan egiten dau, honeek euren eguneroko testuinguru eta arlo guztietan atzemoten dan desorekearen ondorio diralarik.
Beldur Barik jarrerea gazteen kontrako indarkeria matxistearen beste adierazpide batzuk (translesbohomofobia) atzemotea be bada, irudikapen sensazionalista eta melodramatikoak baztertuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
