Edorta Unamuno: 'Arranoak babestuz, espezie ezezagunagoei be laguntzen deutsegu'

Dabi Piedra 2021-06-07 07:59   Barriketan

Urdaibai Bird Center-eko biologoa.

Urdaibaiko Biosferearen Erreserban eta Kantauri itsasoaren ertzeko hezeguneetan arrano arrantzalearen populazinoak sortzeko proiektua 2013an ipini eban martxan Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center-ek. Ia hamarkada bateko lanari esker, aurten lehenengo aldiz Urdaibaiko paduretan habia egin dau espezie horretako bikote batek, eta hiru arrautza errun ditu emeak. Hiru txita jaio dira, horreetako bat albinoa. Zoritxarrez, Zuri izeneko arrano albino hori egun gitxira hil da.

Txita bik aurrera egitea be historikotzat jo dabe Urdaibai Bird Center-eko adituek, jakin badakien arren natureak erronka gogorrak ipiniko deutsezela txita gazteei. Webcam bati esker, eguneko 24 orduetan zuzen-zuzenean ikusi leiteke habian jazoten dabilena, eta milazak lagunek egin dabe bat. Edorta Unamuno biologoa da proiektu honen bultzatzaile nagusietako bat.

1.- Jazoera historikotzat jo dozue arrano arrantzale bikote batek habia egin izana eta ondoren etorri dan guztia. Zergaitik da, baina, horren garrantzitsua?

Ehundazak urte dira Euskal Herrian arrano arrantzaleak desagertu zirana. Normalean, erreka inguruetan eta hezeguneetan bizi dira, arraina topau leikien lekuan, baina hor gizakiaren jazarpena izan eben, eta desagertu egin ziran. Habia egin dauen bikote hau, beraz, azken ehundazak urteetako lehenengoa da hemen bere bizilekua ipinten eta arrautzak erruten. Lehenengo, txita bi jaio ziran, baina hirugarrenak sorpresea ekarri eban, zuri-zuria zalako, albinoa. Munduan ez da ezagutzen beste arrano arrantzale albinorik eta guri tokau jaku. Poztu egin ginan, baina gero hil egin zan. Ez da erraza bizirautea arrano albino batentzat.

2.- Hau guztia ez da kasualidadez etorri, proiektu baten parte da.

Urdaibai Bird Centerrek eta Aranzadi Zientzia Alkarteak 2013an hasi eban proiektua. Arrano arrantzale bikote hau hemen egoteko, aurretik lan handia egin behar izan dogu. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesa izan genduan, eta oso inportantea izan zan Eskoziako Gobernuagaz akordioa egitea. Hitzarmenean, eskoziarrek konpromisoa hartu eben, bost urtez, urtero hamabi arrano arrantzale txita handik hona ekarteko, Urdaibaira. Eskozian populazino sendoa dago, arrano arrantzaleen habiak edonon topau leitekez, eta horregaitik beste herrialde batzuetako proiektuei emoten deutsez txita asko.

Eskoziatik heltzen jakuzan txitak, hiru-lau astekoak, leku berezi baten jarten genduzan, kaiola moduko batzuetan, eta geuk egiten genduan gurasoen lana: arrantzan egin, arraina zatitu eta txitei jaten emon. Hori bai, txitek gu ikusi barik, ez eben jakin behar gizakiek emoten eutsela jaten. Jentea ikusi behar eben arrisku lez, eta ez lagun lez. Prozesu horregaz zera lortu nahi genduan: Eskozian jaioak izan arren, arrano arrantzaleek pentsetea betidanik Euskal Herrian bizi izan zirala, guk brometan esaten dogu total euskalduntzen doguzala. Horri esker, bizitza guztian Urdaibairen erreferentzia daukie, beti dakie zelan bueltau.

Handitzen diranean, gaztaroan, alde egiten dabe hegaz, ze espezie migratzailea dira, eta Afrikara joaten dira. Urte edo negu bi pasetan ditue eta, ondoren, bueltan etorten dira jaio diran lekura, ugaltzera. Gureek uste dabe Urdaibain jaio dirala, baina habia egiteko eremu handiago bat izaten dabe kontuan, gure kasuan Kantauri isurialde osoa. Urteotan, Urdaibaitik urtendako arranoek habiak egin ditue Asturiasen, Kantabrian, Landetan...

3.- Proiektua 2013an hasi arren, oraindino bikote gitxi dagoz Kantauri ertzeko hezeguneetan. Ez da bape erraza helburua betetea.

Lehenengo migrazinoa oso gatxa izaten da, ze mendikateak zeharkatu behar ditue, itsasoa eta basamortuak be bai... Erronka asko pasau behar ditue euren bizitzan lehenengoz eta bakarrik, neguko bizilekura heltzeko. Gero, Afrikan be badagoz arriskuak. Kalkuluen arabera, lehenengo urteko arrano arrantzaleen % 80 migrazino horretan hilten dira. Horregaitik ekarten doguz horrenbeste txita, gitxi batzuek biziraun deien behinik behin. Bost urtean 60 arrano askatu genduzan, eta hamabi-hamahiru bat bueltau dira. Eta danek ez dabe lortzen ugaltzea. 2019an, Landetara bueltau zan gure arrano batek, Korsikako eme bategaz alkartuta, txitak egin zituan, eta aurten barriro lortu dau. Urdaibain izan zein Landetan, hori arrakasta itzela da.

4.- Zuen proiektuaren barruan, beraz, Urdaibaikoa da ugaltzea lortu dauen bigarren bikotea, Landetakoaren ostean.

Inportanteena da, Landetan zein hemen, txitak jaiotea, horrek esan nahi dauelako Kantauri itsasoaren inguruan sortu nahi genduan populazino barria martxan hasi dala pixkanaka. Baina, jakina, Urdaibaira etortea pozgarria da, zeresanik ez, Euskal Herrian ugaltzea lortu duen lehenengo bikotea dalako. Ganera, hiru arrautza errun ditu emeak, eta hiruretatik jaio dira txitak. Emea gaztea da, eta arrautza bi ipintea litzateke normalena. Jakina, pentsau behar dogu hau natura basatia dala eta gatxa dala bizirautea.

5.- Naturearen gogortasunari gehitu behar jako gizakiaren eragina. Habia dagoan lekura ez hurreratzeko eta kontuz ibilteko eskatu dozue.

Arrano arrantzaleak lasaitasuna behar dau ugaltzeko, eta alderdi horretatik gizakia izaten da arazorik gehien eragiten dauena. Urdaibai leku zabala da, baina jente asko batzen da bertan, turismoagaitik, uretan egiten diran ekintzakaitik, arrantzeagaitik. Biosferearen Erreserbea da hau, eta danontzako lekua egon behar da, modu jasangarrian, faunea eta florea errespetauta. Urdaibai Bird Centerrekook egiten dogun deialdia da arrano arrantzaleari eta ganerako espezieei lekua itxi behar jakela.

Egia esan, habia dagoan lekura oinez hurreratzea gatxa da, marea arteko gunean dagoalako, paduretan. Basatza itzel baten erdi-erdian dago. Baina uretan ibilten diran kanoak, paddle-surf eta halakoak erraz ailegau leitekez itsasgoran. Mesedez eskatzen dogu ez hurreratzeko, muga perimetral bat ipini dogu eta ugalaldia martxan dagoan artean ez dogu zeharkatu behar.

6.- Arrano arrantzalearen habiak handiak izaten dira. Hori desabantailea da?

Betidanik espezie honek izan dauen arazoa da hori. Habiak handi-handiak eta deigarriak diranez, leku guztietatik ikusten dira. Gizakiak, oraintsura arte, arranoak eta beste harrapariak kaltegarritzat jo ditu, eta horreen kontra egin dau. Habiak deigarriak eta agirikoak izanda, oso erraza da arrano arrantzaleak desagertuarazotea. Zorionez, orain beste kontzientziazino bat dago, naturea jagon egin behar dala.

Arranoak lasai itxi behar doguz, baina, ikusmina daukanak, urrunetik be ikusi leike, habia bista-bistan dagoalako. San Antonioko hondartzara edo Kanalako begiralekura joan ezkero, primeran ikusten da. Bestela, gure webgunean sartzea besterik ez dago, webcamean be ederto ikusten dalako. Sofatik bertatik, etxetik mobidu barik jarraipena egin leiteke zuzen-zuzenean.

7.- Zelan otu jatzuen webcama ipintea?

Urteak daroaguz halako kamarak erabilten, Urdaibai Bird Centerren aurrean dagoan paduran luzaroan izan genduan kamara finko bat ipinita. Naturara zabaldutako leihoa zan, ordenagailutik erraz-erraz ikusteko. Interesaren arabera, aldatu egiten genduan kamarearen orientazinoa: batzuetan elaien habian, hurrengo baten euli-txoriak... Tresna dinamikoak dira honeek, jenteari itzel gustetan jakoz. Eta, orduan, koronabirusa etorri zan. Danok geure etxeetan sartuta, lau hormaren artean, naturea ikusteko modu bakarra zan gure kamarea, birtuala izan arren. Milazak eta milazak jentek egin eban bat gugaz, itzela izan zan.

Jentearen gogo hori ikusita, berehala pentsau genduan arrano arrantzaleak bueltetan ziranerako kamarea ipini behar geuntsela. Aurtengo udabarrian Urdaibaira arrano batzuk etorteko aukera handiak egozala kalkulau genduan, eta segiduan hasi ginan beharrean. Ahalegin ikaragarria izan zan guretzat, martirako dana prest izan behar gendualako. Arrano arrantzaleak puntual-puntualak dira, eta martiaren erdirako bueltan datoz. Padurearen erdian kamarea ipini, eta hamar egunera agertu zan Roy, arrano arrantzale arra. Sei egun geroago, Landa etorri zan, emea.

8.- Urdaibaiko arrano arrantzaleek Euskal Herrian eta munduan izan daben oihartzunak lagundu leikie zuen beste proiektu ezezagunago batzuei bultzadea eta ikusgaitasuna emoten?

Honek ezagutzera emoten dau egiten dogun lan guztia. Urdaibai Bird Centerreko jarduerea erakusteko bide polita da, ze jenteak gustura ikusten ditu bideoak eta halakoak. Sarritan pentsetan dogu honelako kontuetan txorizaleak eta ornitologoak baino ez dirala ibilten, baina sorpresea izan dogu, ze aditua ez dan jente asko dabil arranoei jarraipena egiten. Gure bisiten % 95 inguru, hegaztiei edo migrazinoei buruz ia ezer ez dakien jentea da, lehenengo aldiz deskubriduten dabe mundu hau. Guretzat erakusleiho bikaina da. Inportantea da, ganera, hezkuntzearen arloan dakarren onurea: kontzientzia zabaltzea eta jenteak inguruan zer daukan ezagutzea, hori da lortzen dogun gauza inportanteena, ezagutzen ez dana ez dalako baloretan, eta gitxiago babestu. Daukaguna ezagutzea da lehenengo pausua, ze benetako altxorra daukagu Urdaibain.

Bultzada handia igarri dogu guk. Dirua ez da inportanteena, baina eskertzen da alderdi ekonomikotik be, jente piloa etorri dalako Urdaibai Bird Centerrera arrano arrantzaleak ikusten, eta horrek dirua ixten dau inguruko taberna, jatetxe eta bestelakoetan. Eskualdearentzat diru iturria da.

Arrano arrantzaleak jente asko mobidu dau, webcamean edo Urdaibai Bird Centerrera bisitan etorrita. Horrek eroan ditu naturako beste aberastasun asko be babestu behar dirala konturatzera, batak bestea dakar. Azken baten, arrano arrantzalearena atxakia hutsa dala esaten dot nik, batzuek barre egiten deuste. Baina hau da kontua: gu oso harro gagoz Urdaibain arrano arrantzale bikote batek txitak izan ditualako, baina mundu osoa kontuan hartzen badogu, espezie honek ez dau ezelako arazorik, pilo bat dagoz, ez dira desagertuko. Baina, atxakia dala dinot, ze arrano arrantzalea bultzatzen badogu Urdaibain, babesten doguz beste espezie asko be aldi berean, hegaztiak zein bestelakoak. Ezagunak ez diranak edo izkutuan dagozanak be babesten doguz. Ur benarriza txori txiki bat dala eta migrazino sasoian dagoala esaten badot, eta Europako hegaztirik mehatxatuenen artean dagoala, ba jenteak ez dau ezagutzen, eta administrazinoak be ez. Baina arrano arrantzalearen arrakasteari esker, beste espezie ezezagun horreek be babestu geinkez. Horregaitik, konserbazino ahaleginetan gabizanok, aterki espezie edo bandera espezie deitzen deutsegu arrano arrantzalearen modukoei.

9.- Kontuak kontu, arrano arrantzaleen txitak jaio dira Urdaibain, eta pixkanaka hazten doaz. Zer etorriko da orain?

Lehenengo pausua egin dabe, gitxienez. Arrautzearen oskola apurtu dabe eta jaten be hasi dira. Esan behar da txitak mokofinak dirala, ze arrano arrantzaleen dietearen % 90 lazunak diran arren, txitei arrain hobeak ekarten deutsez gehienetan: muxarrak, platuxea, lupinea... Hori da orain inportantea, hazteko eta indartzeko jan egin behar dabe. Eguraldiari begira be bagagoz, hortik be kaltea etorri leitekelako. Hegaztiok basabizitzearen parte dira, ez dagoz kaiola baten edo zoologikoan. Beraz, natureak agintzen dauen neurrian egingo dabe aurrera, guk eskua ahalik eta gitxien sartuta.

Hilebete barru eraztunak ipiniko deutseguz txitei, urrunetik irakurteko modukoak, jenteak hor zehar ikusten baditu informazino hori gugana heldu daiten. Behin hori pasauta, giharrak sendotzeko ariketak egiten hasiko dira, hegaz egiteko. Uste dogu garagarrilaren amaieran edo abuztuaren hasieran egingo dabela lehenengo hegaldia, dana ondo badoa. Urdaibaitik egingo dabe hegaz lehenengo, baina senak agintzen deutsenean, arrano arrantzale helduek zein gazteek agur esango deuskue eta migrazinoari ekingo deutse, euren bizitzako bidaiarik arriskutsuena izango da. Pentsau, gure jarraipenen arabera, gure arranoak normalean Senegal, Ganbia, Guinea Bissau eta Boli Kostaraino heltzen dira.

 

Ikusi arrano arrantzaleak zuzenean hemen.

Txita albinoari jaten emoten, bideoan, hemen (bagilaren 2an).

Bideo gehiago hemen.

Argazkiak eta bideoak Urdaibai Bird Centerrenak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu