Arrano arrantzale bikote batek habia egin dau Urdaibain

Bizkaie! 2021-04-09 12:35   Pil-pilean

Aurrekaririk bako jazoerea da, Urdaibai Bird Center-en arabera.

Arrano arrantzalea, Urdaibain (argazkiak: Urdaibai Bird Center) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urdaibaiko Biosferearen Erreserbako biodibersidadearentzat mugarria da arrano arrantzaleen habia, Urdaibai Bird Center-ek ohartarazo dauenez. Izan be, lehenengo aldiz hartu dau Urdaibai bizilekutzat espezie horretako bikote batek, arrautzak errun eta txitak jaioteko asmoz. Habia dotorea eta zabala egin dabe, arrano arrantzaleetan ohikoa izaten dan lez.

Urdaibai Bird Center-ekoek dinoe aurrekaririk bako jazoerea dala hau, urteotan nazinoartean eta Bizkaian bertan egindako lanaren emoitzea. Landa izeneko arrano eme frantziarra eta Roy izeneko arra dira bikote honetako kideak, beraz, Europa mendebaldeko naturea babesteko hainbat proiektuk arretaz segiduko dabe Urdaibaiko habian jazoten dan guztia.

Adituek espero dabe Landak arrautzak errutea eta txitak jaiotea, baina natura basatian inoiz ezin da aurreikusi zer pasauko dan. Arazoetako bat, hain zuzen be, habiaren tamainua da, handi-handia dalako eta begi bistan, ezkutau barik. Beste hegazti batzuek hobeto gordeten ditue euren habiak eta txitak, harraparien bildur, baina arrano arrantzaleak ez dau holakorik behar, ekosistemako harrapari handienetako bat dalako.

Hortaz, Urdaibai Bird Center-ek dei egin deutse han inguruan ibilten diran turista, itsasontzi, piragua, txakur jaube eta halakoei, ez daitezala hurreratu habia dagoan lekura. Jentea sumatu ezkero, arranoak ikaratu leitekez, eta halakoetan habia bertan behera ixten dabe.

Naturearen arriskuek eta jentearen portaereak ez badakarre ezusteko txarrik, adituek uste dabe aurten bertan jaio leitekezala arrano arrantzaleen lehenengo txitak. Urte askoan Kantauri itsasoaren ertzean jaiotako lehenengoak litzatekez, espeziea berreskuratzeko programearen arrakastearen erakusgarri. 

Ikusi habia zuzenean

Zientzialarientzat, naturazaleentzat zein jente guztiarentzat arrano arrantzalearen habiak eragin leiken interesa gogoan hartuta, Urdaibai Bird Center-ek aukerea emoten dau internet bidez habia zuzenean ikusteko, bideoan. Apirilaren 8an biztu eben kamarea, eta harrezkero egunean 24 orduz ikusi leiteke munduko edozein txokotatik arranoek egiten dabena. 

Zuzenean ikusteko, klik hemen.

Naturan ikusi daitekeen ikuskizunik handienetako bat eskainiko deuskue, dinoe proiektuaren arduradunek. Hegaztion bizitzea ikusi ahal izango dogu zuzen-zuzenean, enbarazurik egin barik, Urdaibain ugaltze-aldia zelan egiten dabizan ezagutuz. Eta arranoek Urdaibaiko uretan arrantzatuko dituen lazun, lupia, muxarra edo platuxak habia erraldoira ekarten be ikusiko doguz.

Urdaibain arranoek egin daben habia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu