Donostia International Physics Center entzutetsuak 25 urte bete ditu zientzia sustatzen

Bizkaie! 2025-12-05 10:10   Pil-pilean

Pedro Miguel Etxenikek nabarmendu dauenez, jarraipena da kakoa.

DIPC zentroak haren 25. urteurrena ospatu dau Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldian, zentroaren ibilbideaz hausnartu da. Bertan izan dira, Imanol Pradales lehendakaria, erakundeetako eta erakunde laguntzaileetako ordezkariak, komunidade zientifikoa eta publiko orokorra.

Donostiako zentroak egiten dauen abangoardiako ikerketearen garrantzia autortu dau Imanol Pradales lehendakariak haren hitzaldian: Euskadi munduko zientziaren mapan kokatzeko erabagigarria izan da Donostia International Physics Center. Bikaintasunaren erreferente munduan. Herri proiektua eta harrotasun-iturria da.

Urteurren-ekitaldian, mende-lauren honetako mugarri garrantzitsuenak aurkeztu ditue zentroko zuzendaritzako kideek eta kontakizuna ikus-entzunezko pieza hunkigarriakaz txandatu dabe. Horreen bidez, DIPCren momentu historikoak gogoratu ditu, baita laborategi aurreratuak be.

Ricardo Diez Muiño DIPCeko zuzendariak ondokoa azpimarratu dau: persona eta erakunde ugariren lankidetza sakon eta eskuzabala da, baita ikerketa-zentroaren lorpen kolektiboa be. 

Bestalde, Aran García Lekue proiektu estrategikoen zuzendariak agirian jarri dau oinarrizko ikerketek daben garrantzia aplikazino barriak egiteko orduan.

Zentroaren erantzukizuna, barriz, ez da aurrerapen zientifiko eta teknologikoetan amaitzen. DIPCek ezagutza hori gizartean zabaltzeko konpromiso sendoa dauka, halanda ze, publiko guztiei zuzendutako dibulgazino eta komunikazino jarduerak dira horren erakusgarri, Nora González dibulgazino eta komunikazinoko zuzendariak nabarmendu dauanez.

Bestalde, Izarren Hautsa kantua eskaini dabe Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñar Sastre pianisteak. Momentu txalotuenetako bat Maialen Lujanbio bertsolariaren ezusteko saioa izan da, bertso bana eskainiz Donostia International Physics Center erakundeari eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidente eta proiektuaren sustatzaile nagusiari.

Lortutakoa autortzeaz gan, ekitaldian azpimarratu dabe garrantzitsua dala zentroaren etorkizuna eregiten jarraitzea, proiektuen bidez, besteak beste, eraikin barria aitatu dabe (Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza Sailak finantziauta). Horri esker, saltu kualitatiboa emon ahal izango jako DIPCen jarduereari, hazkundea sendotuz eta mugako zientzia egiteko gaitasunak zabalduz.

Azken hitzaldian, Pedro Miguel Etxenikek nabarmendu dauenez, politika zientifiko on batek epe luzea behar dau, hau da, jarraipena. DIPC politika horren emoitzea da, bata bestearen atzetik etorri diran gobernu guztiek sustatu eta eutsi dabena. Laster inaugurauko dogun DIPCen eraikin barria erabagigarria izango da munduko abangoardian jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu