Urdaibaiko arrano arrantzaleen txita bi jaio dira
2021-05-31 09:32 Pil-pileanKantauriko kostaldean jaiotako lehenengoak dira.
Historikoa izan zan, apirilean, arrano arrantzale bikote batek habia egin ebanean Urdaibaiko Biosferearen Erreserban, inguru haretan bizilekua egin eben espezie horretako lehenengo aleak ziralako. Emeak arrautzak errun zituan eta, egunotan, beste jazoera historiko bat egon da: txita bi jaio dira, Urdaibain eta Kantauri itsasoaren ertz osoan jaiotako lehenengoak.
Ganera, naturazaleek zuzen-zuzenean ikusi ahal izan dabe jaiotzea, Urdaibai Bird Center-ek jarritako kamareari esker. Eguneko ordu guztietan zuzenean ikusi leiteke arrano arrantzaleen habia, internetez (hemen).
Domeka goizeko 06:14an jaio ziran lehenengo txita biak. Urdaibai Bird Center-ekoek espero dabe hirugarren arrautzea be zabaltzea eta hirugarrena jaiotea, baina adituek ondo baino hobeto dakie naturan ezin dala ezer jakintzat emon. Arrano arrantzaleen zein beste hegazti askoren kasuan, ohikoa izaten da txita batzuk ez jaiotea edo egun gitxiren buruan hiltea.
Hemendik hilebete ingurura, ornitologoak habiara hurreratuko dira, eta bizirik dagozan txitei eraztunak ipiniko deutsez, migrazinoari ekiten deutsenean beti jakin ahal izateko nondik nora dabizan. Izena be ipiniko deutse hilebetez bizirauten daben txitei.
Bien bitartean, gurasoen ardurea izango da txitei jaten emotea eta harraparietatik babestea. Arraina emongo deutse jaten, batez be, muxarrak, lazunak eta platuxak. Landa emea eta Roy arra dira Urdaibain habia egin daben arrano arrantzale biak. Orain arte legez, webcam bidez zuzenean ikusi leiteke Landak, Royk eta euren txitek habian egiten daben guztia.
Arrano arrantzaleak Urdaibaiko Biosferearen Erreserbako ikur bihurtu dira, eta, webcamari esker, aditu zein zale guztien eskura jarri dabe hareen bizimodua. Urdaibai Bird Center-eko bultzatzaileek uste dabe arrano arrantzaleek sortu daben interesak lagundu egin leikela ezezagunagoak diran beste espezie batzuen inguruko kontzientziazinoa eta babesa zabaltzen be.
Arrano arrantzaleek Urdaibain habia egitea jazoera historikoa izan bazan, arrautzetatik txitak jaio izana be ez da gitxiagorako. Horregaitik, Urdaibai Bird Center-ek espezie horren zabalkunderako proiektuan lagundu daben guztien ahalegina eskertu dau, batez be boluntarioena, baita Eusko Jaurlaritzearena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Gautegiz Arteagako Udalarena be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!