Marisa Barrena: 'Euskal Herri euskalduna eta parekidea gura dot'

Andoni Mugica Lopez 2025-03-31 08:00   Barriketan

Barikuro Durangoko Andragunean alkartzen da Euskal Wikiemakumeok osotzen daben taldeetako bat. Bertoko kidea da Marisa Barrena wikilari, euskaltzale eta ekintzailea. Emakumeak eremu digitalean bistaratzearen ardurea ardatz hartuta hasi ziran batzen eta, hasi ziranetik orain arte, 10.000 emakumeren biografiak sortu eta itzuli ditue. Halanda ze, 2017an % 17koa zan emakumeen presentzia eta gaur egun % 32koa.

Emakume ekintzailea, erreferentea euskeran, feminismoan eta euskal kulturan, haren militantzia eta konpromisoari esker etenbako lana egin dauena herrigintzan. Euskerearen arloan, hainbat erakunde eta alkartetan, irakasle izateaz gan, koordinatzaile, aztertzaile, materialgile eta teknikari be izan da: esaterako Ikastolen Alkartean, Eusko Jaurlaritzan eta hainbat euskaltegitan. Durangoko Andereak Alkarteko kide sortzailea be bada.

1.- 10.000 biografia sortu eta itzuli ditu Wikiemakumeok. Gustora egiten dozuen seinale?

Bai. 10.000 euskeraz eta gaztelaniaz egin ditugu: halanda ze, 9.000 baino gehiago euskeraz. Horreetatik asko, itzulitakoak. Hori bai, % 10 gitxi gorabehera guk sortutakoak dira, hau da, ez ziranak Wikipedian existiduten. Beraz, gaur egun euskerazko Wikipedian dagoz, baita beste hizkuntza batzuetara publiketako aukerea be.

Durangoko Andragunean batzen gara 2020tik hori egiteko. Ganera, gure inguruan be hainbat talde sortu ditue; esaterako, Oiartzuneko taldea sareen bitartez ezagutu genduan eta bertora joan ginan formakuntza saioak emoten. Hartu-emonak izan ostean, gaur egun, talde autonomo bezela funzionetan dabe.

2.- Zenbat zarie taldean?

Durangon 12 lagun gara. Hori bai, beste talde batzuk be badagoz: Oiartzunen, 4; Ondarroan, 4; Lekeiton, 2; eta Arratian, beste lagun bi.

3.- Zein da egitasmoa sortzearen arrazoia?

Batez be, arrazoi bi ditugu: emakumeak bistaratzea eta euskerea bultzatzea. Halanda ze, emakumeak ikusarazotea ezeze, euskerea bultzatzeko ardurea be badaukagula sentiduten dogu.

4.- 2017an % 17koa zan emakumeen presentzia eta gaur egun % 32koa. Lan asko dago egiteko...

Eta gaur, apur bat gehiago, ia % 33. Bai, ordu joan jakuz horretan, baina gustura egiten dogun zeregina da. Ondarroara, adibidez, hilean behin joaten gara. Talde sortu barria danez, gure esperientziak partekatu eta zalantzak argitzen saiatzen gara. Hori bai, saioaren amaieran oso gustura gagozala zeregin horretan komentetan dogu.

5.- Zeintzuk dira lantzen dituzuen biografia muetak?

Batez be, emakumeen biografiak, baita emakumeen inguruko artikuluak be; esaterako, Zornotzako emakumeen kartzelakoa. Beste batzuk hornidu eta itzuli egiten ditugu.

6.- Zergaitik emakumeenak bakarrik?

Genero arrakalea ikaragarria dalako munduko Wikipedia guztietan, ez bakarrik gurean. Munduan 3000 Wikipediatik gora dagoz eta danetan antzemoten da genero arrakalea izugarria. Gurean, zorionez (edo ordu asko sartu doguzalako), aurrera egin dogu portzentaje horretan. Hori da arrazoia. Ez daukagu gizonezkoenak ez egiteko arrazoirik, baina lehentasuna gaur egun andreei emoten deutsegu; hori murriztea dalako egitasmoaren helburuetako bat.

7.- Zeintzuk dira taldearen epe laburreko erronkak?

Ilusinoa daukagu udako solstizinoan 10.000ra heltzea, euskeraz.

Ganera, Euskerazko Wikipedia alkartearen partaideak garenez (gu eta beste hainbeste alkarte, norbanako eta bestelakoak), laster 25.000 sarrera izatea espero dogu.

8.- Euskaltzalea, feministea, wikilaria, jantzaria, Ondo etorri errefuxiatuak Durangoko alkarteko sortzailetako bat, hainbat hedabideetan kolaboratzailea... Etenbako lana egin dozu herrigintzan. Horrek beteten zaitu?

Atzo goizekoa be ez naz. Laster, 74 urte beteko dodaz. Bizitza luze honetan, tartea izan dot hainbat gauzetan parte-hartzeko. Batzutan galdetzen deustie ia noiz arte jarraituko dodan [Barreak]. Burua eta osasuna lagun ditudan bitartean, militantea izaten jarraituko dot. Halanda ze, militantetzat daukat nire burua.

Uste dot herri honek militanteak behar dituala, baita euskereak eta herrigintzeak be. Borondatezko personak behar ditugu. Jubilauta egoteak be, lan horreek gauzatzeko denporea eta aukerea emoten deust. Ganera, formazinoa jasoteko subertea be izan dogu, beraz, hori da nire perfila.

9.- Ganera, aurton, Durangoko Euskaraldiko hamaikakoan be parte hartuko dozu. Zelan izan da hori?

Kriston ohorea da ni aukeratu izana. Holako egitasmoak beti dira lagungarri, baina, kanpainetan baino gehiago nik eguneroko lanean sinisten dodan militantea naz. Arabere gehiago, eguneroko lanean eta konpromisoan.

Beti defendidu dodan gauzea da lehenengo berbea euskeraz esatea dala, edonon. Horrek, guztiz aldatzen dau dana, gorengoa da niretzat. Euskeraz ez badaki persona horrek, esango dau berak, baina norberak lehenengo berbea beti euskeraz, bai Beasainen, Donostian, Bilbon edo Iruñean. Askotan aurreretxi asko ditugu, aurrez aurrekoa ikusi eta nongoa ete dan pentsauta, halanda be, euskeraz egin. Hori da niretzat kanpaina onena.

Halanda be, kanpainak oso ondo dagoz, konpromosioak hartzeko eta abar. Ganera, aurtongo Euskaraldia gogotsu gagoz atontzen eta holako egitasmok lagungarriak dira. Hori bai, danok hartu behar ditugu konpromiso horreek, bai erakundeek eta baita norbanakoek be.

10.- Zer da oraindino militante ibilbibidean ezin izan dozuna egin?

Nire amesa da Euskal Herri euskalduna eta parekidea lortzea, baina oso urrun dagola pentsetan dot. Hori bai, orain arte egindako gauza guztiek euren ondorioak emoten ditue, baina gehiago egin behar da. Ni, oraindino, ez naz heldu helburu horretara. Zoritxarrez eta momentuz, ez daukagu Euskal Herri euskaldun eta parekiderik. Ez dakit ikusiko dodan, baina ez badot ikusten be, nire ondorekoek horretaz disfrutetea gura dot. Ames eta ilusino hori daukat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu