Aitor Fernandez De Martikorena: 'erakusketea mimo handiz atondu dogu'.

Koldo Isusi Zuazo 2025-03-24 07:52   Barriketan

Eguzkixak nora, zapixak hara goiburupean dator Esaera Zaharrea Txapelketea. Parte hartu nahi dabenek martiaren 31ra arte dabe zabalik izena emoteko epea, www.praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian. Hortxe dagoz ikasi beharreko 100 atsotitzak (azalpenakaz batera) eta lehiaketako oinarriak be. Aurten, 30. edizinoa danez, egitarau berezia atondu dabe AEKko atontzaleek. Aurten beste hitzordu batzuk be izango dira aurretik, giroa berotzen hasteko. Adibidez, martiaren 24an inaugurauko da Esaera Zaharren Txapelketea, 30 urte izeneko erakusketea, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Apirilaren 3rako, kalejirea eta kantu-poteoa atondu ditue, Sopela Kantari taldearen eskutik; eta apirilaren 4an, umeentzako disko-festa udaletxeko plazan (euria bada, Zipiriñe eskolako patioan).

Egun nagusia igarota, apirilaren 10ean, Esalegeak gurean berbaldia eskainiko dabe Akaitze Kamiruagak eta Iñaki Gilisastik; eta, azkenik, maiatzaren 20an, Adolfo Arejita euskaltzainak esaera zaharren gainekoa ekarriko dau. Biak izango dira Kurtzio Kultur Etxean.

1. Hemen da 30. Sopelako Esaera Zaharren Txapelketea apirilaren 5ean izango da Eguzkixak nora, zapixak hara goiburuari eutsiz. Esaera Zaharra aukeratu dozue goiburutzat. Zergaitik hau eta ez beste bat?

Urtero goiburua aukeratu behar izaten dogu eta normalean esaera zahar bat izaten da; batzuetan zerikusia izaten dau egoera soziopolitikoagaz eta aurten, barriz, polita begitandu jakun nabermendu dozuna; edozelan be motiboa egon badago baina ezin deutsut aurreratu, egunean bertan, apirilaren 5ean jakingo dau jenteak.  

2.- Parte hartu nahi dabenek martiaren 31ra arte dabe zabalik izena emoteko epea, www.praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian. Zenbatek emon dabe izena? 

Parte-hartzaileak gehienetan azken momentura arte egoten dira zain. Oraingoz badagoz batzuk baina badakigu eguna hurreratu ahala etorriko dirala gehienak. 

Ganerakoan, hortxe helbidean dagoz ikasi beharreko 100 atsotitzak (azalpenakaz batera) eta lehiaketako oinarriak be

3.- Aurten, 30. edizinoa danez, egitarau berezia atondu dozue, izan be, beste hitzordu batzuk be izango dira aurretik, giroa berotzen hasteko. Adibidez, martiaren 24an inaugurauko da 'Esaera Zaharren Txapelketea, 30 urte' izeneko erakusketea, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Erakusketan zer ikusiko dau hurreratzen danak?

Erakusketea mimo handiz atondu dogu eta hor izango dira 30 urte horreetako mugarriak erakusteko kartelak, panelak eta bestelakoak. Erretratuak be egongo dira, historikoak eta aktualagoak eta urtero emoten doguzan oroigarriak be ikusi ahal izango ditue bisitariek.

Horrezaz gan, bideoak erabiliz esaera zaharren barri emon gura geunke. 

4.- Eguna baino lehen, apirilaren 3rako, kalejirea eta kantu-poteoa atondu dozuez, Sopela Kantari taldearen eskutik eta apirilaren 4an, umeentzako disko-festa udaletxeko plazan (euria bada, Zipiriñe eskolako patioan)...

Bai, esaera zaharrak dira protagonista txapelketan baina jai giroa suspertzeko kalejirea, kantu-poteoa eta umeentzako disko-festa atondu doguz. 

5.- Egun nagusia igarota, apirilaren 10ean, Esalegeak gurean berbaldia eskainiko dabe Akaitze Kamiruagak eta Iñaki Gilisastik; eta, azkenik, maiatzaren 20an, Adolfo Arejita euskaltzainak esaera zaharren gainekoa ekarriko dau. Biak izango dira Kurtzio Kultur Etxean. Burukominak zenbat gura baina egitaraua polito geratu da...

Bai. Gure asmoa horixe izan da, esaera zaharrakaz lotutako gaiak jorratzea adituen eskutik eta, Akaitze Kamiruaga eta Iñaki Gilisasti oso ezagunak dira gurean baina ez ahaztu Adolfo Arejita euskaltzaina be Sopelan izango dala maiatzaren 20an. Berbaldiak Kurtzio Kultur Etxean izango dira. 

6.- Ehun esaera zahar batu dozuez, danak herritarren erabilten dituenak. Bateren batek egingo eban dokumetazino lana...

[Barreka] Bai, neuk egin dot lan hori. Atontzaileeen artean bosgarren edo seigarren urtean sartu nintzan eta hor ibilten gara Azkue, Aita Zabala eta beste liburu batzuk arakatzen, baita herritarren artean be. Danetara, 100 esaera zahar batu doguz 2025erako eta horreetatik bat da barria.  

7.- -Baginaki, baginuke; baginu, baginakike. gustau jaku, musikea eta esentzia bat eginik. Zein da esangurea?

Oso polita da. Esaerakaz batera, azalpenak be argitaratzen doguz eta kasu honetan esangurea da jakitea eta ahal izatea, ezagutzak eta baliabideak.  

Baginaki: bagenki, jakingo bageunke / Baginuke: bageunke, eukiko geunke; Baginu: bageunke, eukiko geunke; baginakike: bagenekike, jakingo geunke; zeozer egiten jakingo bageunke, arrakasta eta bitartekoak lortuko geunkez.

Arrakastea eta bitartekoak eukiko bageunkez, jakingo geunke horreek zelan erabili... Printzipio biok (bitartekoak eta ezagutza) alkarrekin lotuta ibilten dira; ez badozue sinisten, ikusi Neguriko familien kasua: gurasoek (prestakuntzeagaz edo barik, sarritan arbasoakandik) ondasunak dituenean, zein da beren lehen ardurea? Seme-alabei formazino ona emotea; formazio bikain horren bidez/horri esker, neguritarren belaunaldi barriak kapaz izango dira baliabide gehiago (dirua, bai; baina ez solik) berenganatzeko.

8.- eta -Biboa uste, eta baboa izan- be ez da txarra…

Bibo: gaztelaniazko vivo (bizkor, azkar, argi) / Babo: ergela. Autopertzepzinoa zer dan! Batzuek uste dabe badirala oso argiak, azkarrak, jakitunak, sakonak eta adimen handikoak baina, akaso, tontoak dira, baboak.

9.- Txapelketea taldeka egiten da eta 100 esaera zahar ikasi behar ditue baina zeintzuk dira ganerako berezitasunak?

Bertsoak eta esaerak buztartu izan doguz beti eta, beraz, 100 esaera zahar horrek ikasi behar ditue parte-hartzaileek. ALBE Bertso Eskolako bertsolariek idatzitako bertsoak edo esaerak identifikau eta jakin beharko dabe zein esaeratan agertzen diran. Ondo eta zehatz esaten badabe aurrera egingo dabe eta holan ez bada, hurrengo taldeak izango dau aukerea. Goiz parteko lanak izango dira horreek eta gero bazkaria Sopelako Artadi garagardaotegian egingo dogu. Hortik aurera, bertsoak eta esaerak tarteko semifinalak eta finala jokatuko dira. Aurten goiz parteko epaile edo holako lanetan boluntarioak ibiliko dira eta arratsaldean, barriz, Akaitze Kamiruaga eta Iñaki Gilisasti. 

10.- Hogeita hamar urteko ibilbidea egin dau txapelketeak eta oso oker ez bagagoz, lehenengo edizinoa (1992koa) Sopelako Nikola AEK eta Algortako Lauaxeta AEK euskaltegietako talde biren arteko lehia izan zan. Hortik aurrera zeintzuk izan dira mugarriak?

Bai. 60 bat atsotitz erabilita, mintza-praktika egiteko pentsautako jarduera berezia izan zan, afari bategaz amaitu zana.

Sopelako Gabi Basañez eta Algortako Josu Landeta irakasleen idea izan zan atsotitzak eta bertsoak batzea ekimen haretan, biak baitziran euskera-irakasleak eta Algortako Bertso Eskolako (ALBE) kideak.

Bizpahiru urte aurrerago, ekitaldi haregaz segidutea erabagi eben; Nikola AEKk hartu eban beregan atontzeo ardurea eta II. edizinoak arratsalde osoa hartu eban euskaltegian bertan. Ordutik aurrera, euskerea kalera atarateko asmoz, edozeinek parte hartzeko aukerea zabaldu eta orduan hasi ziran parte-hartzaile guztiei berezitasun guztien barri emoten. Baina laster lehiaketea bazkariagaz hasi eta egun-pasa bihurtu zan.

Euskaltegiko ekintza moduan hasi arren, urteen porasuz atsotitzen zerrendea potolotu egin da (100 dira, aspalditxotik), tartean guzurrezko esaera bat sartzen hasi ziran... Urtez urte joan dira barrikuntzak sartzen, gaur egungo oinarri gehienak finkatu arte. Tartean, anekdotak be izan dira, zelan ez; adibidez, ondoegi preparau eta beti irabazten eban taldea (publiko osoak hareen kontra egiten eban, betikoek ez irabaztearren).

Gaur egun, batez beste, 80-90 lehiakide inguru erakarten ditu Txapelketeak eta egun-pasa ederra bihurtu da: Sopelako kaleetan euskerearen presentzia bermatzeaz gan, ALBEko bertsolarien, AEKko kideen, lehiakideen, musikarien eta epaileen artean, 100-120tik gora lagun batzen ditu, goizean hasi eta iluntzean amaitu arte, Artadi garagardaotegiko bazkarian deskantsua hartuta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu