Bardintasuna zaintza lanetan be behar dala aldarrikatuko dabe martiaren 8an

Bizkaie! 2021-03-08 09:03   Pil-pilean

Pandemiak agiriago itxi dau gizonen eta emakumeen arteko arrakalea.

Emakunderen kanpainako irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero legez, emakumeek kalera urtengo dabe martiaren 8an, gizartean jagoken lekua eta eskubideak aldarrikatzeko. Pandemiak guztiz baldintzatuko ditu mobilizazinoak, baina ez ditu eskariak isilduko, erakunde, eragile eta norbanakoek egunotan egin daben prestakuntza-lanari esker. Aurten, idea nagusi bi nabarmendu leitekez martiaren 8agaz lotuta: batetik, zaintza edo jagote lanen pisua konpartidu behar dabela emakume eta gizonek, oraindino arlo feminizadua dalako. Bigarrena, pandemiak agirikoago bihurtu dituala desbardintasunak.

Eustatek emondako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, zaintza eta etxeko lanen % 67,2 emakumeen ardurea dira, eta heren bat baino gitxiago dagoz gizonen esku. Erropea erosi eta garbitzearen atalean dago desbardintasunik nabarmenena, zeregin horreen % 83 egiten dituelako emakumeek. 

Hortaz, badago zer egina, eta Emakumeen Nazinoarteko Egunaren kontura, Bagabiltzak, EAEko emakume-alkarteak batzen dituan Lurralde arteko Batzordeak manifestua plazaratu dau. Beste personez arduratzea eta horreek jagoteko lana bizitzearen eta politikearen erdigunera ekarteko beharra azpimarratzen da bertan.

Eskari horrek zentzun handiagoa hartu dau pandemian, agirian jarri dauelako nork jagoten dauen, zer esan nahi dauen jagoteak. Jagotea arretea emote hutsa baino gehiago dala dino manifestuak. Politika egitea da, preminaz jardutea, etorkizunera begira, ez bakarrik personei eta bizitzako egoerei jagokenez, baita emakume guztien askotariko bizi-baldintzetan (migraduak, arrazializaduak, landa-eremukoak, gitxiengo etnikoak, edadea, sexu-aniztasuna…) diskriminatzaileak diran egiturazko arrazoiei jagokenez be,  emakumeen eta gizonen artean, eta, batez be, emakumeen kontrako indarkeriari eusten deutsen desbardintasunetan.

Gizartean balioa emon nahi deutse zaintzeari, eta danon artean banatutako ardurea izan daitela: Bardintasunezko zaintza barik, ez da benetako bardintasunik egongo. Emakundek be, aldarrikapen horri lotuta, martiaren 8ko kanpainea zabaldu dau, Nork jagoten dau? lemapean. Ardurak banatzearen inguruan kontzientzia sortzea da asmoa.

Bilgune Feministak martiaren 8rako plazaratu dauen testuan be, idea berari heldu deutso. Bat-batean agirian geratu da, orain artean ezkutuan konpontzen ziran zaintza lanak bizitzeari eusteko funtsezkoak dirala. Lehertu jakuna, beraz, zaintza krisi bat da, eta emakumeak* izan gara kolpatuenak. Covid-19aren atxakian, arrazakeria, prekariedadea eta gehiegikeria poliziala azaleratu dirala salatu dau Bilgune Feministak.

Enpresa handiak eta hareen babesle diran gobernuak kritikau ditue manifestuan, emakumeen zapalkuntzea betikotzen dabela leporatuta, konpainia transnazionalentzat bizitza duinak babestea ez dalakoan errentagarria. Migranteen sufrimenduan ikusten da hori modurik gordinenean, eta, horregaitik, Bilgune Feministak aldarrikatu dau, martiaren 8a sistemearen zuztar arrazistea apurtzeko tresnea dala.

Erakunde publikoek be Emakumearen Nazinoarteko Eguna aprobetxau dabe sariak eta errekonozimenduak emoteko. Bizkaiko Foru Aldundiak Zirgari Sariak emon ditu eta Bizkaiko Batzar Nagusiek, ostera, omenaldia egin deutse pandemiari aurre egiteko lehen lerroan dabizan emakume beharginei. Bilboko alkarte Juan Mari Aburtok gaur goizeko 11:00etan irakurriko dau Udalaren Martiaren 8ko adierazpena. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu