Emakume beharginen funtsezko lana autortuko dabe Zirgari Sarietan

Bizkaie! 2021-02-26 10:11   Pil-pilean

Danen izenean, Bizkaiko oinarrizko zerbitzuetako langile batzuek hartuko dabe saria, martiaren 5eko ekitaldian.

Sarien barri emoten, zirgariaren figurea alboan dabela (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazinoak urtero emoten ditue Zirgari Sariak, Emakumeen Nazinoarteko Egunaren bueltan. Aurten, epaimahaiak ez dau zalantza handirik egin ohorezko aitamenaren irabazlea aukeratzeko orduan, baina norbanako edo erakunde zehatz bati emon beharrean, gizartean ezinbestekoa dan kolektibo oso bat omenduko dabe, osasungintzan zein oinarrizko beste zerbitzu batzuetan dabizan emakume beharginak, hain zuzen.

2021eko edizino honetan, saritu gehiago be badagoz. Gogoan hartu dabe Lagun Artean alkarteak indarkeria matxistearen kontrako burrukan egindako lana, baita Inspira STEAM programeak emakumeen ahalduntzearen eta balio bardinzaleen alde egindakoa be. Mungiako Diz Diz eta Sestaoko Neba Neba alkarteek herritartasun aktiboaren atalean jasoko dabe Zirgari Saria.

Bizkaiko Bardintasun diputadu Teresa Laespadak eta BBK-ren Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak emon dabe aurtengo irabazleen barri. Martiaren 5ean, 17:30ean, egingo dabe Zirgari Sariak emoteko ekitaldia, Bilboko BBK Salan. Emakume behargin guztien izenean, Bizkaiko hainbat ospitale, osasun zentro eta zerbitzutako beharginek hartuko dabe saria.

Honeek egongo dira martiaren 5eko ekitaldian: Diana Ly Liu (Basurtuko ospitaleko anestesistea), Sonia Rodríguez Gutiérrez (supermerkadu bateko langilea), Elena Gómez Reina (Gurutze Gorriko langilea), Ainara Arana Azula (Galdakaoko ospitalean erizaina), Sonia Dacosta Urrutia (Birjinetxe egoitzako langilea), Anta Ndongo Sall (Basurtuko ospitaleko garbitzailea) eta Elena Artetxe Aranzamendi (farmazia bateko langilea).

Pandemian beharrean dabizan emakume guztien ekarpena autortzeko beharra eta aukerea nabarmendu ditu epaimahaiak. Izan be, euren ahalegina gizartearen funtsezko zerbitzuei eusteko ezinbestekoa izan da, birusak gogorren jo gaituenean, batez be. Lan isila izan arren, sarritan errekonozimendu gitxikoa, emakumeok egindako lana behar-beharrezkoa izan da gelditu ezin diran zerbitzu batzuk emoten segitzeko, jente gehiena etxean gordeta danean. 

Pandemiaren kontrako erresilentziaren benetako protagonistak dira osasun zentro, botika, supermerkadu eta halakoetan dabizan emakumeak, Teresa Laespadaren arabera. Gizarte osoak bere bizi-baldintzei edo beharrezko hornidurei eusteko onena emon daben emakumeak, konfinamenduaren hilabete txarrenetatik orain arte, benetan funtsezkoak diran milaka emakume.

Nora Sarasolak ganeratu dau zaintzea funtsezkotzat ikusten lagundu dauela pandemiak. Baina horrek ez dau ekarri zeregin hori gehiago baloretea. Gehien zaintzen dabenak, emakumeak, lehiaketatik kanpo dagoz askotan, enplegu-gaitasunari jagokonez, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak salatu dauenez. 

Beste saridunak

- Emakumeen kontrako indarkeria txarresteko atalean: Lagun Artean harrera zentroa. Orain dala 15 urte genero-ikuspegia bere jardunean txertatu ebanetik, zentro horrek 163 emakumeri eta 97 adinbakori lagundu deutse, behargin zein boluntarioen ekarpenari esker.

- Ahalduntzea eta balio aldaketea kategorian: Inspira STEAM programea, Deustuko Unibersidadeak 2016an martxan jarria, nesken artean bokazino zientifiko eta teknikoak bultzatzeko eta aukera bardintasuna egiazko bihurtzeko. Ikastetxerik ikastetxe egindako lanean, 2.300 neskari emon deutse aholkua, eta beste horrenbeste mutili.

- Herritartasun aktiboaren kategorian: Mungiako Diz Diz eta Sestaoko Neba Neba, ex aequo. Alkarte biak dira aitzindari bardintasunaren aldeko lanean zein emakumeen ahalduntzerako bidean. Besteak beste, formakuntzea, ahokularitzea eta kontzientziazinoa lantzen ditue. 

Zirgari Sarietako irabazleen barri emoteko agerraldiaren kontura, Foru Aldundiak eta BBK-k behin behineko figura handi bat jarri dabe Bilboko Itsasadarraren alboan, Uribitarte pasealekuan. Antxina inguru horretan jo eta ke beharrean ibilten ziran zirgarien figurea da, sarietako irabazleei emoten jaken oroigarriaren kopia handitua. Asmoa da, eskultura horren behin betiko bersino bat ipintea laster, leku haretan bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu