Covid-19aren kontrako lehen lerroan dabizan emakumeak omendu ditue
2021-03-05 12:59 Pil-pileanBizkaiko Emakume Hautetsien V. Batzarraren parte izan da gorazarrea.
Bizkaiko Emakume Hautetsien V. Batzarra egin dabe Gernikako Batzar Etxean, martiaren 8aren bueltan urtero egiten dan ekitaldia. Aurten, Covid-19aren izurriak baldintzatu dau topaketea, antolakuntzearen aldetik zein omenaldia jaso dabenen partetik. Izan be, Covid-19ari aurre egiteko ahaleginean lehen lerroan dabizan emakume beharginak omendu ditue.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Emakundek eta Eudelek deituta egin da Hautetsien Batzarra. Antolatzaileok azaldu dabenez, azken urtean gizartearentzat lan handia egin dabe emakume askok, eta horregaitik autortzea merezidu dabe. Pandemiari aurre egiten ibili diran guzti-guztiak ezin izan ditue Gernikako ekitaldira konbidau, bistan dago; danen ordezkari, 19 kolektibotako kideak egon dira.
Omenaldia, aurreko lau edizinoetan lez, Gernikako Batzar Etxeko osoko bilkuren aretoan egin da, baina, aurton, Bizkaiko udalerrietako emakume hautetsien, euskal alderdi politikoetako buruzagien eta Foru Aldundiko beste ordezkari batzuen presentzia txikiagoagaz, osasun-arrazoiak dirala eta. Hori bai, danek helburu bat izan dabe buruan: gizonen eta emakumeen arteko bardintasun eraginkorra bultzatzen jarraitzea.
Beti Jai Alai dantza taldeak edegi dau ekitaldia, Lekeitioko Emakumeen Aurreskuagaz, eta, ostean, batzarretarako deia egiten daben ohiko adarrak entzun dira. Eudelek eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harira sinatutako adierazpena irakurri ostean, Mertxe Larrañaga Sarriegui ekonomian doktore eta EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko irakasleak egin dau berba.
Pandemia honetan lehenengo lerroan ibili diran 19 emakume behargini egindako omenaldia izan da eguneko ekitaldi nagusia. Amaitzeko, Gernikako arbola abestu dau Silvia Gutierrez gitarristeak, Iparragirreren beraren gitarreagaz, ze orain denpora gitxi zaharbarritu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!