Edarietan 'burundangea' 10 bat minutuan antzemoteko kapaz dan gailua landu dabe
2026-10-01 07:30 Pil-pileanMicrofluidics Cluster EHU taldeak egin dau.
EHUko Isabel Poves ikertzaileak papelean oinarritutako gailu mikrofluidiko bat jorratu dau. Gailu horrek metodo azkarra, fidagarria eta erabilerraza eskaintzen dau eskopolamina eta haregaz lotutako osogaiak detektetako. Kostu txikiko sistema eroangarri horrek begi hutsez ikusteko moduko emoitzea eskaintzen dau 10 bat minutuan, eta bide bat edegiten dau aurretiazko analisiak in situ egiteko, laborategiko ekipoen beharrik barik. Plataforma hori aurrerapausu nabarmena da sumisino kimiko bidezko erasoetan erabilitako agenteak modu praktikoan antzemoteko.
Drogak erabilita egiten diran sexu-erasoak osasun publikoko eta auzitegiko arazo larria dira eta sexu-erasoetarako erabilitako drogetako bat eskopolamina da (burundanga izenez ezagutzen da). Substantzia hori oso arriskutsua da, eragin amnesiko, lasaigarri eta haluzinogeno handia dauelako; kolorerik, usainik eta saborerik ez dauenez, antzemonezina da irunsten danean. Inportantzia toxikologiko handia dauen arren, oraindino metodo gitxi dagoz ha in situ eta azkar detektetako. Mueta horretako drogen detekzinoa teknika analitiko instrumentaletan oinarritzen da, sensibilidade eta espezifikotasun handia eskaintzen dabe baina laborategiko baldintzak eta laginen prestaera sakona eskatzen ditue eta beraz, ez dira oso egokiak analisi azkarrak in situ egiteko.
Laborategira joan beharrik izan barik askotariko matrizetan eskopolaminea detektetako aukerea emoten daben tresna analitiko eroangarri eta merkeak falta dira. Bakotasun horri aurre egiteko, Microfluidics Cluster UPV/EHU ikerketa-taldeak, Lourdes Basabe Desmonts Ikerbasque irakaslea buru dauela, papelean oinarritutako gailu mikrofluidiko autonomoa landu dau, produktu farmazeutikoetan, landare-estraktuetan eta edarietan eskopolaminea azkar antzemoteko, tresna diskretua, eroangarria eta erabilerraza.
Aparatuak norberak erabilteko gailu mikrofluidiko bat dauka eta papelezko euskarri bat eta hor jazoten da erreakzinoak kolore-aldaketea eragiten dau, emoitza positiboa edo negatiboa zehaztuz. Gailua laginean euki behar da segundo batzuetan eta 10 bat minutuan emoitzea begi hutsez ikusi daiteke, beste detektagailurik barik, azaldu dau Isabel Poves azterlanaren egile nagusiak. Povesen eretxiz, gailu honi esker, sumisino bidezko eraso-mueta horreek prebenidu ahal izango dira, izan be, garrantzitsuagoa da prebeniduten saiatzea, a posteriori detektetea baino.
Kontuak kontu, Lourdes Basabe Ikerbasque irakaslearen eta Fernando Benito López irakasle alkartuaren zuzendaritzapean Isabel Poves EHUko Microfluidics Cluster taldean egiten dagoan doktorego-tesiaren parte da ikerketa hau. Azterlanean parte hartu dabe Enrique Azuaje-Hualdek (artikuluaren egilekidea), Laura Lartitegui Elorzak eta Oihana Diaz-Cantosek (biak EHUko Analisi Forensea Masterreko ikasleak).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
