Adimen artifiziala, erizaintza inklusiboa eta transizino energetikoa landuko dira

Bizkaie! 2026-09-25 10:53   Pil-pilean

Emakume zientzialarien argitan barriketaldi-zikloan.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak alkarlanean atontzen dabe barriketaldi-zikloa: hiru saio eskainiko dira aurten: urriaren 6an, zemendiaren 3an eta abenduaren 1ean. Arratsaldeko 19:00retan izango dira, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Aurrez aurreko alkarrizketen bidez hiru emakume zientzialari honeek ezagutzeko aukerea izango dogu, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik: Miren Berasategi Zeberio, Garbiñe Elizegi Narbarte eta Estitxu Villamor Lomas.

Egitasmoaren helburua da emakume zientzialariak ezagutzea, izan be, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun be nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazinoa arlo horretan.

Kontuak kontu, lehenengo saioa urriaren 6an izango da. Miren Berasategi Zeberio izango da hizlaria, eta izenburu hau izango dau berbaldiak: Adimen artifiziala auzitan. Miren Berasategi Zeberio (Donostia, 1982) Giza Zientziak eta Komunikazinoan lizentziatua da eta Komunikazinoan doktorea. Komunikazino-arloko titulazinoetan irakasle eta ikertzaile dabil Deustuko Unibersidadean, zenbait arlotan, berbarako, komunikazino digitala, datuen analisia eta komunikazinoa eta komunikazinoaren teoria. InpAkta Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta aldizkari zientifikoko erredakzino-buruetako bat be bada eta UEUko talde eragileko kide.

Garbiñe Elizegi Narbarte izango da bigarren barriketaldian protagonista. Zemendiaren 3an egingo da eta honako izenburua izango du: Emakume eta genero ez-normatibo euskaldunak osasungintzan.

Garbiñe Elizegi Narbarte (Pomona, Kalifornia-AEB, 1975) erizaintzan doktorea da. Gaur egun, erizain lanetan dabil Lesakako Osasun Zentroan, eta Lekarozen bizi da. Ikerketaz gan, feminismoan eta lurraren defensan dabil jo eta su, herri-mobimentuko kide eta ekintzaile lez.

Hirugarren hizlaria, barriz, Estitxu Villamor Lomas da. Fisikan doktore da, eta abenduaren 1ean jardungo dau. Barriketaldiaren izenburua: Transizino energetikoaz hausnartzen. Estitxu Villamor Lomas (Gasteiz, 1987) EHUko irakaslea da 2016tik eta EKOPOL ikerketa-taldeko kidea 2018tik. Honako honeek dira haren ikerketa-lerroak: energia barriztagarrien potentzialen kalkulua Informazino Geografikoko Sistemen bidez, tokiko eta eskualdeko aztarna energetikoen kalkulua eta transizino energetikoa udal mailan. Gainera, urteak daroaz lurraren defensan eta beste eredu energetiko baten alde lan egiten daben kolektiboetan parte hartzen.

Hiru saioak Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango dira 19:00retan eta denak euskeraz izango dira. Barriketaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren Emakume zientzialarien argitan podcastean entzun ahal izango dira. Azken horretan, zikloan parte hartu daben emakume guztien berbaldiak entzuteko aukerea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu