Osasun-gaiei arreta berezia eskainiko deutse Teknopolisek aurton

Bizkaie! 2026-09-23 07:40   Pil-pilean

Astegoienean hasiko da Teknopolisen 29. denporaldia.

Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia, teknologia eta barrikuntzeari buruzko programearen 29. denporaldia, EHUko Gipuzkoako Campuseko Liburutegi nagusian — Carlos Santamaría Zentroa—, Donostian. Han izan dira Amaia Esquisabel Alegria Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria, Agustin Ezenarro Zumeta ETBko Programa arloko burua, Edurne Gaston Estanga Elhuyarreko Zientzia Unidadeko koordinatzailea eta saioa babesten daben erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, astegoien honetan hasiko da denporaldi barria, eta ondoko ordutegia izango dau: zapatuetan 13:30ean ETB1en, eta domekatan 12:15ean ETB2n.

Denporaldi honetan be leku eta gai interesgarrietan barrena eroango ditu ikusleak Teknopolisek, eta gizartean jakin-mina biztuten daben gaiei erreparetako asmoz dator, Euskal Herriko arlo guztietako adituen laguntzaz. Aurten aparteko garrantzia hartuko dabe osasunaren inguruko gaiek. Medikuntzearen eta ikerkuntzearen ekarpen zientifikoaz gan, gaixotasunak zuzen-zuzenean bizi dituen pazienteen lekukotzak be jasoko ditue. Transplanteak egiteko teknika barritzaileak, minbiziaren kontrako punta-puntako tratamenduak, elikadurearen joerak... Teknologiak be ez dau lekurik galdu programan eta denporaldiko lehen saioak belaunaldi barriko robotikaz eta Euskal Herriko industria aeronautikoaz ibiliko dira. Bestetik, klima-aldaketearen ondorioak be jorratuko ditu Teknopolisek eta, besteak beste, erakutsiko dau zelan astinduko dauen euskal kostaldea itsas mailearen igoereak, eta gure urien metabolismoa be aztertuko dau.

Irailaren 26an hasiko dan denporaldi honetan be Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea, eta zuzendaria, barriz, Alaitz Ochoa de Eribe Agirre.

Elhuyarrek produziduten da Teknopolis zientzia, teknologia eta barrikuntza-saioa. Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetako bi dira Elhuyar eta Teknopolis saioa bera. Hasiera-hasieratik, komunidadea eregitea izan dau helburu nagusi Elhuyarrek, eta horixe bera da Teknopolis saioarena be. Euskal Herrian egiten dan zientziaren erakusleiho izateaz gan, herritarrakan pentsamendu kritikoa sustatzeko egiten dau lan. Eta komunidade oso baten laguntzea dau horretarako: babesleak, ikertzaileak, dibulgatzaileak, eta zientzia-gaietan interesa daben herritarrak.

Era berean, ezinbestekoa da Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diran erakunde guztien laguntzea azpimarratzea be: Eusko Jaurlaritzea, EHU, MU, Tknika eta BRTA.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu