Loraldia Eskoleak ikasturte barriari ekin deutso 300 ikaslegaz

Bizkaie! 2026-09-22 07:40   Pil-pilean

Bizkaiko zazpi ikastetxetako bederatzi taldetan banatuta.

Ikasleek, ikasturtean zehar, euskal kultureagaz lotutako sormen-proiektuak landuko ditue, Loraldia Eskolako hezitzaileen laguntzeagaz.

Loraldia Eskolea Loraldiaren lan-lerro estrategikoetako bat da eta helburuak dira euskeraz sortutako kultura garaikidea ikastetxeetara eroatea, ume eta gazteek euskal kulturea ezagutu, bizi, sortu eta konpartidutako aukerea izan deien. Egitasmoak kulturearen transmisinoa lantzen dau modu esperientzialean, ikasleak hartzaile huts izatetik sortzaile aktibo izatera eroanez.

Ikasturte honetan, ikasleek hainbat diziplina eta lengoaia landuko ditue, proiektu bakotxaren ezaugarrien arabera: ahozkotasuna, kantua, antzerkia, ikus-entzunezko sorkuntzea, gorputz adierazpena, irudimena, talde-lana eta euskerazko kultur erreferenteak.

Prozesu horren bidez, Loraldia Eskoleak euskerearen erabilerea, sormena, kulturearen aurreko atxikimendua eta komunidadearen parte-hartzea sustatzen ditu.

Loraldia Eskolearen oinarrian dagoan idea nagusietako bat da transmisinoa ez dala bakarrik edukiak azaltzea edo jasotea. Transmisinoa esperientzia bihurtu behar da: gorputzetik,
ahotsetik, emozinoetatik, talde-lanetik eta sormenetik pasau behar da. Horregaitik, proiektu bakotxean ikasleek euskal kultureari buruz ikasi ez eze, euskal kulturea praktikau, berrinterpretau eta euren begiradatik sortzen dabe. Holan, belaunaldi barriek euskerazko kultureagaz hartu-emon biziagoak, hurbilagoak eta gaurkotuagoak eregiten dabe.

Loraldiarentzat oinarrizkoa da ume eta gazteei euskal kulturearen unibersoa zabaltzea, eurak izango baitira etorkizuneko sortzaileak, ikusleak, kultur zaleak eta transmisinoaren
jarraitzaileak. Eskolearen bidez, kulturearen eta hezkuntzearen arteko zubi sendoa eregiten da, ikastetxeak euskerazko sormen garaikidearen topagune bihurtuz.

Ikasturte honetako parte-hartzaileak

● Durangoko Sanantonio Ikastetxea: DBH4 - Lore Jokoak.
● Urretxindorra Ikastola: LH6 - 7 Kantu.
● Pagasarribide: LH3 - 7 Kantu.
● Pagasarribide: DBH1-2 - Kamara Sartu.
● Portugaleteko Ruperto Medina: LH3-LH4 - Airean.
● Portugaleteko Gabriel Zelaia Ikastetxea: LH4 - Airean.
● Portugaleteko Gabriel Zelaia Ikastetxea: LH1 - Ttipia.
● Gatikako Herri Eskola Txikia: LH3-4 - Airean.
● Zeanuriko Herri Eskola: LH1-2 - Lorekolore.

Sei proiektu jorratuko dira ikasturtean zehar: Lore Jokoak, 7 Kantu, Kamara Sartu, Airean, Ttipia eta Lorekolore. Edade eta hezkuntza-maila askotara egokitutako proposamenak dira guztiak, ume hezkuntzatik gazteagora arteko ibilbidean euskal kulturearen transmisinoa lantzeko.

Kontuak kontu, Loraldia Eskolako proiektuak ikastetxeetan bertan lantzen dira, ikasleen eguneroko hezkuntza-errealidadeagaz lotuta. Prozesu bakotxa ez da jarduera isolatua: ikasturtean zehar landutako sormen-ibilbidea da, eta azken emoitzak ikastetxe bakotxeko komunidadeagaz konpartiduteko aukerea emoten dau. Bide horretan, ikasleek euskerazko kultur erreferenteak ezagutu, kultur diziplina ezbardinakaz esperimentau eta taldean sortzeko esperientzia bizi dabe. Horrek aukerea emoten deutse euren adierazpen-gaitasunak lantzeko, euskeraz egiteko beste espazio batzuk sortzeko eta kulturearen aurrean hartu-emon aktiboagoak lantzeko.

Loraldia Eskoleak euskal kulturearen transmisinoa indartzen dau hezkuntza-komunidadeagaz alkarlanean, belaunaldi barriei kultura garaikide, bizi eta parte-hartzaile baten esperientzia eskainiz.

Loraldia euskaraz sortzen dan kulturearen garapena, barrikuntzea, transmisinoa eta ikusgarritasuna sustatzeko sortutako egitasmoa da. Misino horren barruan, Loraldia Eskoleak
oinarrizko lekua hartzen dau, ume eta gazteak euskerazko kulturearen unibersoan txertatzeko bide zuzena eskaintzen dauelako.

Ikasturte barri honi esker, Loraldiak azpimarratzen dau euskal kulturearen etorkizuna belaunaldi barriakaz batera eregi behar dala. Horretarako, ezinbestekoa da kulturea eskolara
hurbiltzea, ikasleei sormenerako tresnak eskaintzea eta euskerazko kultureagaz lotura emozional, sortzaile eta kolektiboa sendotzea.

Loraldia Eskoleak ikasgelatik oholtzara, sormenetik transmisinora eta esperientziatik komunidadera doan bidea proponiduten dau. Bide horretan, ikasleak dira protagonista.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu