'Nork jagoten dau? Jarri daigun agirian. Egin daigun jagokuna'

Bizkaie! 2021-02-24 12:26   Pil-pilean

Zainketak ikusarazo, balorau eta gizarte osoaren artean banatzeko deia egin dau Emakundek.



Nork jagoten dau? galderearen bitartez kanpaineak gogoetea bultzatu nahi dau bizitzeari eusteko zainketeak edo jagoletzeak dauen garrantziari buruz. Gizonek eta emakumeek, sektore publikoak eta pribatuak, erantzunkide izan behar dabe gaur egun gehienbat emakumeek egiten dituen lanetan.

Beatriz Artolazabal Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politikak saileko sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dabe Emakundek aurtengo Emakumeen Nazinoarteko Egunerako, martiaren 8rako, atondutako kanpainea: Nork jagoten dau? Jarri daigun agirian. Egin daigun jagokuna eta jagoletza-lanak ikusarazoteko, baloretako eta gizarte osoaren artean banatzeko beharra azpimarratzen dau: emakume eta gizonen artean, baita erakunde eta gizarte osoaren artean be.

Sailburuak azpimarratu dauenez, pandemiak inoiz baino nabarmenago itxi dau jagoletza-lanek bizitzeari eusteko oinarrizko garrantzia dabe eta jagoletzeagaz konprometidutea nahitaezkoa da.

Artolazabalek Gobernuak jagoletza erantzunkideagaz dauen konpromisoa nabarmendu eta neurri batzuk aitatu ditu: Guraso-baimen besterenezinak; kontziliazinorako eta jagoletzarako profesionalak kontratetako laguntzak; zainketa instituzionalak indartzea; kontziliazino-planak eta bardintasun-planak enpresetan egitea bultzatzea; soldata-arrakalaren kontrako euskal estrategia; eta Bardintasun Legea aldatzea.

Emakundeko zuzendariak, barriz, jagoletzeagaz lotutako hiru alderdi azpimarratu ditu funtsezkoa baita gure biziraupenerako eta gizartearen funtzionamendurako. Emakumearen ikusezintasuna, kanpainako planteamendu grafikoan indartutako idea, jagoletzeagaz lotuta eta emakumeen eta gizonen arteko jagoletza lanen banaketa desorekatua. Banaketa desorekatu horrek emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen dau, hezkuntzarako, osasunaren arretarako, bizitza publikorako eta ordaindutako enplegurako daben sarbidea mugatuz.

Landaidak azpimarratu dauenez, garapen ekonomiko, kultural eta ongizate sozial handiko gizarte batek ezin dau onartu biztanleriaren zati batek, emakumeek, bere gain hartzea jagoletza-lan gehiena, lan hori behar-beharrezkoa danean persona guztien ongizaterako eta jarduera sozial eta ekonomikoari eusteko.

Jagoletzak ikusarazo, balorau behar dira eta emakumeen eta gizonen, erakundeen eta gizarte osoaren artean banatu behar dira.

Landaidak gogorarazo dau jagoletzea erdigunean jarteko beharra feminismoaren aldarrikapen handietako bat dala eta, era berean, jagoletza horreek balioesteko eta modu orekatuan banatzeko beharra hainbat esparru programatikotan jasotako helburua dala, besteak beste, Nazino Batuek sustatutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan edo EAEko Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako Planean bertan.

Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako VII. Planean nabarmentzen da jagoletza-lanen hornidurea Estaduaren, merkatuaren, familien eta gizarte zibilaren artean berbanatzeko gizarte-antolaketa barria behar dala eta horrek esan gura dau jagoletza-lanak ez dituela modu naturalean beren gain hartu behar emakumeek.

Kanpaineak kartelak, irrati-iragarkiak, bannerrak eta telebistako spot bat izango ditu eta zezeilaren 24tik martiaren 9ra egingo da kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Gainera, kartelak bialdu dira erakundeetara, ikastetxeetara, osasun-zentroetara, alkarteetara, enpresetara, kultura-zentroetara eta liburutegietara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu