Bertso plazea indartzeko egitasmoa martxan
2020-04-30 12:36 BertsolaritzeaEuskal Herriko Bertsozale Alkarteak 45.000 euro erabiliko ditu.
2020rako aurrekontu eta plan guztiak ezebezean itxi ditu Covid-19aren pandemiak, martiaren erdialdetik bertsolaritzeagaz lotutako jarduerea ia oso-osorik bertan behera ixteraino. Egorea ikusita, Bertsozale Alkarteak egitasmo berezi bat jarri dau martxan, plazak indartzeko eta bertsolaritzearen ikusgaitasuna bermatzeko beste bide batzuk bilatuta. Ganera, bertsolariei jasandako kalteak arintzen lagunduko deutsie.
Egoera barrira egokitutako egitasmora 45.000 euro bideratuko ditu Bertsozale Alkarteak, bere baliabideetatik hartuak. Hasiera batean 2020rako aurkeztutako kontuak, ostera, balio barik geratu dira, Covid-19ak behartuta. Aurtengo aurrekontuak eta plangintzea aurkezteko batzar nagusia bera be bertan behera geratu zan, martiaren 15ean egin behar zalako, alarma egoerea ezarri zan egunean.
Ohiko bertso plazea berreskuratzeko denporea beharko dogula gogoan, gaur egungo egoerara egokitutako ekimenak jarri behar doguz abian, adierazo dau Bertsozale Alkarteak. Izan be, gogoan izan behar da martitik makina bat jarduera bertan behera itxi dituela: Txapelketak, saio arruntak, eskolartekoak... Bertso Udalekuak be ez dira egingo osasun larrialdiagaitik.
Ikusi beharko da, beraz, zelan egiten deutson bertsolaritzeak aurre egoera barriari, kontuan izanda bertsolaritzearen ardatzetako bat komunikazinoa eta publikoaren eta bertsolariaren arteko aurrez aurreko kontaktua dala. Kulturgintzea, bertsolaritzea, zaleak aurrez aurre alkartzetik bizi da neurri handi batean, dino Alkarteak. Internet bidezko lehiaketak eta saioak ugaritzen hasi dira asteotan, eta bidea hor egon leiteke. Irrati bidez be bertsoa zabaltzen dabiz Nafarroan.
Maiatzaren 2tik internet bidezko bertso plazea aberastuko dauela dino Alkarteak, Lankuren bidez hitzartuta egozan saio batzuk sarean eskainita, eta bertsolariek proposamen ordainduak izatea bermatuta. Bertsoa.eus ataria izango da erreferentziazko plaza digitala. Era berean, egoera barria aprobetxau nahi dabe esperimentazinoan sakontzeko.
Datu gordinak
Bertsogintzeak Covid-19aren erruz hartu dauen kolpea ikaragarria izan da. Saioak eta txapelketak bertan behera geratzetik harago, bertsolaritzeari lotutako egitasmo, enpresa eta beharginak gogor jo ditu krisiak. Lanku Kultur Zerbitzuak, berbarako, ERTEan dago. Lanku erabat lotuta dago plazeari, lan jarduera nagusiena plazea da, eta bat-batean geratu gara, azaldu deutsi Lankuko Marta Agirrezabalak Bertsoa.eus atariari; inondik inora espero ez genduan bat-bateko kolpea izan da.
Xenpelar Dokumentazino Zentroaren datuen arabera, 2019an 1.644 saio antolatu ziran. Gehienak, 1.215, ohiko saioak izan ziran; ganerakoak, berbaldiak, esperimentazinoak, saio didaktikoak eta halakoak. 2020ko aurreikuspena datu horreei eustea zan, gitxi gorabehera. Urtarrilean eta zezeilean, ganera, igoera txikia egon zan igazkoagaz konparauta.
Udabarria indartsua izaten da, baina martian gauzak guztiz okertu ziran. Igazko martiko 164 saioen aldean, aurtengoan 53 baino ezin izan ziran egin. Apiriletik aurrera, kopurua zerora bajatu da (online saioak kontetan ez badira), eta etena luzerako joan leiteke. Bertsozale Alkartearen arabera, 385.000 euroko galerak egongo dira.
Momentuaren larritasuna ikusirik, euren ekarpenak egiteko deia be zabaldu deutse Bertsozale Alkarteak zaleei, alderdi ekonomikotik arnasea beharko dauelako. Dohaintzak egin leitekez ES16 3035 0060 43 0600042844 kontu zenbakian edo Bizum bidez (688 88 69 35 da telefono zenbakia).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!