'Oizpeko pantolluk' eta 'Bizkaiko Kopla Gaztiek' taldeak txapeldun

Bizkaie! 2025-12-05 08:15   Bertsolaritzea

Zornotzako Zelaieta Zentroan jokatu da finala.

Jokatu da Bertsolari Gazteen 33. BBK Sariketearen finala Zornotzako Zelaieta Zentroan. Halanda ze, Oizpeko pantolluk eta Bizkaiko Kopla Gaztiek taldeak izan dira aurtengo irabazleak.

Zemendiaren 3an hasi zan sariketea: guztira, lau kanporaketa, finalaurreko bi eta finala jokatu dira. Finala, azken edizinoetan ohikoa konbertidu dan moduan, talde agurrekaz hasi da.

Ondoko hamar bertsolari gazteak izan dira protagonistak:

- A mailan:

  • Etazetak: Aiala Irurtia, Emile Zabala eta Ekhi Zuluaga.
  • Oizpeko pantolluk: Haizea Rotaetxe, Malen Ibarzabal eta Jon Abasolo.

- B mailan:

  • Zerobi: Irune Basagoiti eta Maider Altuna.
  • Bizkaiko Kopla Gaztiek: Bittor Altube eta Janire Arrizabalaga.

Aurkezle beharretan Ander Aldazabal ibili da eta epaimahaia Ainhoa Arregik, Beñat Romerok eta Iñaki Aurrekoetxeak osotu dabe. Idazkari beharretan, barriz, Igor Menika ibili da.

Oholtzan eta publikoan egon dan giro ona nabarmentzekoa izan da. Horrezaz gan, saioan zehar finalista guztien karikaturak egiten ibili da Unai Gaztelumendi bertsolari eta ilustratzailea. Karikatura horreek izan dira saio amaieran bertsolariek jaso daben akorduetako bat.

Bestalde, kantakera onenaren saria Iradi Barrenetxeak eskuratu dau. Unai Iturriaga Zugaza-Artaza bertsolari, idazle eta sortzaileak egindako ilustrazinoa izan da saria.

Gainera, Juanjo Respaldiza Ikastolen Alkarteko ordezkariak eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Alkarteko buruak hartu dabe parte.

Ohiko sariez gan, maila bietako irabazleek txapela be jaso dabe. A taldekoei Koldo Bilbao BBKko ordezkariak jarri deutse txapela; B taldekoei, barriz, Zornotzako bertso eskolako beteranoen taldeko Andoni Larreak jarri deutse txapela.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak zorionak emon gura deutsee aurtengo Bertsolari Gazteen sariketean parte hartu daben guztiei, batez be, bertsolariei, gai-jartzaile taldeari eta epaile taldeari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu