Ganbaran, ganbarazainakaz Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2026-10-22 11:07   Bertsolaritzea

Nahia Sasco eta Peru Vidal ganbarazainak izango dira protagonista.

Txapelketako ariketa guztiek dabe euren berezitasuna baina ganbarakoa izaten da momentu berezienetako bat. Bertsolari guztiak, bat izan ezik, ganbarara joaten dira eta ondoren, gai berari erantzun behar izaten deutse. Finalaurrekoetako lehenengo itzulian ganbarako ariketarik izango ez dan arren, ganbara eta ganbarazainen lana ezagutzeko aukerea eskainiko dau aste honetako Hitzetik Hortzerak.

Nahia Sasco, Peru Vidal Gurrutxaga, Alazne Untxalo Erregerena eta Arkaitz Zipitria Mendizabal dira aurtengo txapelketako ganbarazainak. Donapaleuko saioan Nahia Sascogaz batu zan Mirari Martiarena Iraola. Lehenengo aldiz dabil Sasco ganbarazain lanetan eta esperientzia zelan bizitzen dagoan eta lan horrek eskatutako prestaketa-lanak izango ditue berbagai.

Peru Vidalek, barriz, esperientzia handiagoa dau ganbarazain lanetan. 2017ko txapelketan ibili zan lehenengoz, orduan kartzelero deitzen jakon eginkizunean. Tolosako saioan batu zan haregaz Martiarena eta ganbarazainen ardurei buruz berba egiteaz gan, txapelketatan bizitako pasadizoak be ekarriko ditu programara.

Mirari Martiarena Iraola eta Peru Vidal Gurrutxaga.

Larraun-Lekunberriko finalaurrekoa, zuzenean ETB2 On-en

Bertsozaleek hitzordu bikotxa izango dabe astegoienean. Finalaurrekoetan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Larraun-Lekunberriko saioa zuzenean jarraitzeko aukerea izango da ETB2 On-en, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Ilaski Serrano Urkidik aurkeztuko dau saioa eta Aitzol Barandiaran Munduate bertsolaria izango dau ondoan, saioaren analisia egiteko. Ondokoek kantauko dabe: Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Gorka Pagonabarraga Agorria, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Xabat Illarregi Marzolek. Aizpea Garmendia Iartzak egingo ditu gai-jartzaile lanak.

Hitzetik Hortzera, urriaren 25ean, domekan, 15:00etan ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu