Amets Arzallusek irabazi dau lehenengo finalaurrekoa
2026-10-26 08:29 BertsolaritzeaLarraun-Lekunberrin hasi dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak.
Arzallusek irabazi dau saioa eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren bueltan kantetako.
Lehenengo fasea amaituta, finalaurrekoen faseari ekin deutso Euskal Herriko Bertsolari Txapelketeak. Sarrera guztiak salduta, 1450 lagun inguru batu dira Larraun-Lekunberriko Plazaola kirolgunean; gainera, hainbat bertsozalek jarraitu ahal izan dabe saioa etxetik bertsoa.eus webgunean, ETB ON plataforman eta ETB2 ON katean.
Saioa 17:00etan hasi da. Aizpea Garmendia Iartza gai-emoilea aurretik ebela sartu dira sei bertsolariak zozketan erabagitako ordenean:
- Amets Arzallus Antia
- Gorka Pagonabarraga Agorria
- Beñat Gaztelumendi Arandia
- Xabat Illarregi Marzol
- Saioa Alkaiza Guallar
- Xabat Galletebeitia Abaroa
Ariketa guztiak egin ondoren, Amets Arzallus Antia izan da puntu gehien batu dituan bertsolaria; bigarren bueltarako baliogarriak diran 746.5 puntu batu ditu. Beraz, Bilboko finalaurrekoan kantauko dau Arzallusek abenduaren 5ean. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazinoaren arabera izango dabe finalaurrekoen bigarren bueltara sailkatzeko aukerea.
Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi.
Hemen dituzue saioko zehetasun guztiak eta puntuazinoak:
- Amets Arzallus Antia____________746.5
- Beñat Gaztelumendi Arandia______733
- Saioa Alkaiza Guallar____________689.5
- Xabat Illarregi Marzol____________674.5
- Xabat Galletebeitia Abaroa _______664
- Gorka Pagonabarraga Agorria_____624
Fase honetan epaimahaia osotuko dabenak ondokoak dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Estitxu Agirre Agirre, Karlos Ibarguren Olalde, Lur Renteria Maleta eta Mikel Beaumont Arizaleta. Idazkari lanetan, barriz, Ainhoa Goñi Castañares eta Aratz Irazustabarrena Garmendia ibili dira.
Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin dira aurreko fasetik oraingora. Lehen bezela, binaka ibili dira zortziko handian eta txikian lehenengo. Gero, barriz, puntuka egin dabe zortzi bertso osotu arte. Ondoren, bakotxak banaka, gaia emonda, hiru bertso nahi daen doinuan eta neurrian kantau ditu, eta, amaitzeko, binaka amaitu dabe hamarreko txikian.
Hurrengo finalaurrekoa, Eibarren, sarrerak agortuta
Urriaren 31an izango da hurrengo finalaurrekoa, hurrengo zapatuan, Eibarren. Bertan kantauko dabe Alaia Martin Etxebeste, Asier Azpiroz Iztueta, Nerea Elustondo Plazaola, Nerea Ibarzabal Salegi, Miren Artetxe Sarasola eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Saioa 17:00etan hasiko da Ipurua kiroldegian.
Eibarrerako ez baina ganerakoetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian dagozude eskuragai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
