Xabat Illarregik irabazi dau 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketea
2025-12-01 07:44 BertsolaritzeaJoanes Illarregi anaiagaz buruz-burukoa kantau ondoren.
Nafarroa Arena bertsozalez bete da, 2.500 lagun batu dira bertan Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken egunaz gozetako; Xabat Illarregik jantzi dau txapela, Joanes Illarregi anaiagaz buruz-burukoa jokatu ostean.
Nafarroa Arenan giro beroa egon da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Lehen aldia izan da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan jokatu dana. 15:30ean ateak zabaldu eta jarlekuak betez joan dira bertsozaleak; arratsaldeko 17:00etan igon dabe oholtzara bertsolariek. Zozketeak erabagitako ordenean kantau dabe bertsolariek: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez eta Sarai Robles Vitas
Ariketaz ariketa lehenengo atala bete ostean, Illarregi anaiek lortu dabe puntu gehien eta eurek kantau dabe buruz-burukoan. Azkenean, Xabat Ilarregik jantzi dau txapela Sergio Barandiaranen eskutik 1205 puntugaz.
Zehatz, holan gelditu da finaleko sailkapena (ariketaz ariketako puntuazinoa, hemen):
1. Xabat Illarregi Marzol________________1205.
2. Joanes Illarregi Marzol_______________1198,5.
3. Saioa Alkaiza Guallar__________________732.
4. Julio Soto Ezkurdia___________________ 724,5.
5. Eneko Lazkoz Martinez__________________709.
6. Sarai Robles Vitas_____________________695,5.
7. Ekhiñe Zapiain Arlegi__________________666.
8. Eki Mateorena Zozaia___________________637.
Gai-jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea Agirre eta Ander Aranburu Arriola ibili dira. Zazpi epailez osotutako epaimahaia izan da bertsolarien lana epaitzeaz arduratu dana: Amaia Telletxea Larretxea, Cesar Etxeberria Saez, Jon Diaz de Mendibil, Joseba Beltza Bengoetxea, Mikel Beaumont Arizaleta, Nerea Bruño Artazkoz eta Patxi Barberena Urroz. Idazkari lanetan, barriz, Ainhoa Goñi Castañares eta Nerea Goñi Begiristain ibili dira.
Hitzetik Hortzera berezia, gaur
Jarraipen handia izan dau finalak; hainbat dira saioa zuzenean emon daben hedabideak eta beste hainbat horren barri emateko akreditau diranak. Hitzetik Hortzera telebista programeak, esaterako, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak emondako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren berbak batu ditu (ikusi hemen).
www.bertsoa.eus atariak, bestalde, finaleko bertsoaldien bideo hautaketea jasoko dau, eta txapeldunari eta beste finalisteei egindako alkarrizketak be argitaratuko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
