Arantza Plazak jantziko deutso txapela Bizkaiko txapeldunari
2025-12-01 13:38 BertsolaritzeaFinala abenduaren 20an izango da Bilboko Casillan.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak bertsolaritzearen transmisinoan egiten dan beharrari egin gura izan deutso autortzea. Bertan egin dau beharrik gehien Arantza Plaza Zamorak (Gizaburuaga, 1958): astero bertsolaritzea irakatsiz herrietako ikastetxeetan, Mundu bat bertso programearen bitartez. Xabier Amuriza bertsolariaren emaztea eta Miren Amurizaren ama be bada.
2004an hasi zan lehen eskoletan bertsolaritzea irakasten Arantza eta 2022ra arte behar horretan ibili da. Bizkaiko Alkartean laneko erretiroa hartu dauen lehenengo langilea izan da.
Garai bakotxeko errealidadeari erantzun behar izan deutso hamarkada bitan. Hain zuzen be, hainbat errealidade ezagutu ditu Arantzak: egoera soziolinguistikoa, eskola handi zein txikiak, uriburua eta herriak... Kasu guztietan elegante ibili da. Haren esanetan, bertsoak asko laguntzen dau euskerara hurreratzeko; baita kantuak be, umeekaz konektetako altxorra dalako.
Bertsolaritzearen oinarrizko ezagutza izatea eta zaletasuna biztea ezeze, jarrera positiboa indartzea be izan dau helburu Arantzak. Euskera guztiak onak dirala nabarmentzen eutsen ikasleei, euskalkiak, batua, aberatsak eta ez hain aberatsak: egiten dana da balio dauena.
Horrezaz gan, hainbat proiektutan egin dau haren ekarpena: Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazino beharretan ibili da hamaika alkarrizketa eginez, esaterako, Bizkaiko Bertsogintza IV liburuko dokumentazino lanetan.
Txapelketea be gertutik bizi izan dau Plazak. Bizkaiko Txapelketetan boluntario beharrak egin ditu eta etxekoak eta lankideak be izan ditu oholtza gainean. Laneko erretiroa hartu badau be, oso lotuta jarraiten dau bertso munduari: esan beharra dago lankide, ikasle eta alkarteko kideek asko maite dabela.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen finala abenduaren 20an izango da Bilboko Casillan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
