Nafarroa Arenako finala, goraldiaren ispilu

Bizkaie! 2025-11-24 08:41   Bertsolaritzea

Zemendiaren 29an izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken hitzordua, finala.

Nafarroa Arenan egingo da lehenengoz. Ez da lehen aldi bakarra izango, bertsolari bik lehenengoz kantako baitabe finalean. Zortzi buru eta txapel bat, Zaldiko Maldiko alkarteak emongo dauena.
Nafarroa Arenaren atarian aurkeztu dabe Nafarroako Bertsolari Txapelketea. Orduko haretan azaldu eben moduan, «bertsolaritzea lurralde guztira zabaltzeko apustua» egin da. Horregaitik, orain arteko geltokiek Nafarroaren berde, hori eta gorriak zeharkatu ditue; eta gaur, baita zuriak be. Heldu da, baina, azken geltokira: Nafarroa Arenara.

«Bidea emonkorra izan da, eta berretsita geratu da Nafarroako bertsolaritza momentu gozoan dagoala: bai bertsogintzearen aldetik, baita zaletuen aldetik bere», azaldu dau Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Alkarteko buruak. Hori dala eta, Nafarroa Arenako ataritik barrura egin dabe salto, bertan izango baita finala, izan ere, hola azaldu dau Bruñok: «goraldi horrek emon euskun apustu egiteko indarra eta horren erakusle da finala hemen izatea bere». Urrats kuantitatibo eta kualitatibo lez definidu dau.

Saioa Onekak gaineratu du, urrats horren ondorio, inoizko finalik jentetsuena izatea espero dabela. Gaurkoan ia zurituta izartu da Nafarroa eta eguraldiak horretan eragin leikela jakinda bere, baikor agertu dira. Orain arte batutako bertsozale kopuruak eta sortutako giroak holan pentsetako heldulekuak emoten baititu.

Barriro zortzi bertsolari, baina beste argazki bat

Irailean 24 bertsolarik ekin eutsen txapelketako bideari. Zortzi heldu dira finalera: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Zortziko honek argazki berezia dakarzku, belaunaldiartekotasunean eta genero kopuruari jagokenean, izan be, Zapiainek eta Mateorenak lehenengo aldiz kantauko baitabe finalean.

Zaldiko Maldiko alkartea izango da txapela jantziko deutsona irabazleari

Txapeldunaz gain, txapela emongo dauena be finaleko protagonistetako bat izaten da. Eskertza eta autortza modukoa da txapel-emoilea izatea eta Bruñok adierazo dauenez, «euskaldunentzat arnasgune izatea, euskal kultureagaz eta bertsolaritzeagaz dituen hartu-emon estuak eta bertsolaritzea sustatzeko egindako ekinbide guztiengaitik eskerrak emon nahi deutsaguz Zaldiko Maldiko elkarteari». 1981ean sortu zan elkartea eta urte betera, lehen bertso eskolea atondu ben Lontxo Aburuzarekin. Ordutik eta gaur egunera arte, bertsolaritzeak presentzia izan dau alkartean: bertso eskolak, Bardoetako saioak, eskolartekoak, Señora Sariketa eta beste hainbat bertso ekimenen aterpe baita.

Boluntarioak, bertsogintzearen oinarri

Txapelketa atontzeko eta holako ekitaldiak egin ahal izateko, Bertsozale Alkarteko bazkideak eta boluntarioak ezinbesteko pieza dira. Bertsozale Alkartearen oinarrian dago boluntariotzea eta txapelketa horren ispilu eta erakusleiho bat gehiago da. Txapelketan era aktiboan eragin nahi dauen edozeinentzat Nafarroako Bertsozale Alkarteko ateak zabalik dagozala adierazo dau Onekak eta lagundu nahi dauen edozein ondoetorria izango dala.

Txapelketan eta Nafarroako bertsogintzan laguntzeko beste modu bat saioetara joatea da. Beraz, bertsozale guztiak animau ditue Arenara joateko. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean dagoz salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu