Jon Garmendia ‘Txuria’ alkarrizketatuko dabe asteon Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2026-05-27 12:40   Bertsolaritzea

Bertsoa, poesia eta kantagintzea izango ditue berbagai.



Jon Garmendia Martinez Txuriari umetan sortu jakon pasinoa eta bertsolaritzearen enkantuaz jaubetu zan. Baserrian, bertso giroan hazia, gaztetan egin eban lehen plazea Hernaniko Tabernetako Txapelketan. Plaza asko egin ez bazituan be beti ibili da bertsoaren bueltan; azken urtetan Xilabako epaile lanetan, Bertsularien Lagunak Alkartean laguntzaile, baita kazetari bezela be. Bertsoaren bueltako kontuak izango ditue aztergai Txuriak eta Mirari Martiarena Iraolak.

Bertsoez gan, poesiaz be egingo dabe berba, izan be, Ulhaintsaren negarra poema liburua argitaratu barri dau Txuriak. Arrazoi politikoak tarteko etxetik alde egin behar izan ebanetik urteetan han-hemen idatzitako poemakaz osotu dau liburua.

Poesia eta bertsoa maite dituan arren, kantagintzeari lotuta be egon da aste honetako protagonista, eta bere letragile ibilbidea ezin daiteke ulertu Xabi Solano trikitilaria nabarmendu barik. Etzakit taldean ekin eutsen alkarlanari, Esne Beltza etorri zan ondoren, eta orain Bidasoatik Harago ikuskizunagaz dabiz herriz herri. Xabi Solano be alkarrizketatuko dabe zapatuko programan.

Abadiñoko eta Antzuolako bertsoaldiak

Abadiñon egindako Bertso Jaialdian kantautakoak izango dira pootagonista: Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Igor Elortza Aranoa, Irune Basagoiti Agirre eta Onintza Enbeita Maguregi; gaiak jartzen, ostera, Igor Galarza Intxausti ibili zan.

Antzuolan San Isidro egunean, Aroa Arrizubieta Barredo, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Oier Etxeberria Zubimendi eta Txaber Altube Sarrionandia ibili ziran bertsotan, Jon Mata Etxanizen esanetara.

Hitzetik Hortzera: maiatzaren 30ean, gaueko 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu