Irati Alcantarillak jantzi dau txapela Uztaritzen

Bizkaie! 2026-05-13 07:39   Bertsolaritzea

Hernandorena sariketako finalean.

Irati Alcantarilla. | Ikusi handiago | Argazki originala



Pasa dan zapatuan jokatu zan Hernandorena sariketako finala Uztaritzeko Latsa Gelan, eta giroa ez zan edozelakoa izan: aretoa jentez ganezka bertsolari gazteen jardunaz gozetako. Antton Lannes gai-emoileak banan-banan deitu zituan oholtzara saioan parte hartu eben sei finalistak: Izaro Bilbao, June Aiestaran, Irati Alcantarilla, Kattin Madariaga, Nahia Etxeberri eta Irantzu Idoate.

Saioaren lehen partean, bertsolariek hainbat ariketari aurre egin behar izan eutsen: zortziko handian eta txikian lehenengo, puntu-erantzunei erantzun eutsen ondoren, eta berba bati bertso bana kantau ostean, hamarreko txikiagaz amaitu eben lehen fasea. Lan horreek guztiak entzun ostean, Iban Thikoipe eta Jon Garmendia Txuria epaileek ebatzita, June Aiestaranek eta Irati Alcantarillak egin eben aurrera, buruz buruzkoan jokatzeko.

Azkenean, Alcantarilla subertau zan irabazle eta Beñat Soulek jantzi eutson txapela urruñarrari. Sariketa honek dauen alde informal eta hurbilaren erakusgarri, bertsolari bakotxak opari bereziak jaso zituan Axier Mingo Hernaniko hautetsiaren eskutik, izan be sariketa honen laguntzaile baitira Hernani, Zizurkil eta Bergarako herriko etxeak.

Bertsozalek eskerrak emon nahi izan deutsee babesle guztiei: aitatu herriko etxeak, Pagolako Auzteia ostatua, Hendaiako Enbata Gaztetxea eta harrera bikaina eskainitako Uztaritzeko Latsa alkarteari, beste urte batez, mugarik barik eta Euskal Herriko txoko askotako gazteak entzunez, bertsolaritzearen harrobia indartsu dagoala probau da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu