Nafarroako finala, Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2025-11-27 13:21   Bertsolaritzea

Zemendiaren 29an Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala zuzenean emongo da ETB1en.

Nafarroako Bertsolari Txapelketearen finala jokatuko da zemendiaren 29an Iruñeko Nafarroa Arenan. Bertan ibiliko dira kantuan Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Zaldiko Maldiko Alkarteak jantziko deutso txapela aurtengo Nafarroako txapeldunari.

Finala zuzenean ikusteko aukerea izango da ETB1en, 16:45etik aurrera. Ilaski Serranok aurkeztuko dau programea eta alboan izango du Iñigo Olaetxea bertsolaria, ikuspuntua emoten eta saioaren analisia egiten. Alkarrizketak, berriz, Anabel Arraizak egingo ditu.

Domekan, txapeldunagaz alkarrizketea

Zemendiaren 30ean, Hitzetik Hortzera berezia egingo da 15:00etan ETB1en. Nafarroa Arenako bertsoaldiak eta finala amaitu eta berehala Mirari Martiarenak txapeldunari egindako alkarrizketea ikusteko aukerea izango da.

Indartsu dator aurten Nafarroako finala: zortzi bertsolariek dabe eskarmentua plazan, baita txapelketean be. Julio Soto da Nafarroako finaletan eskarmentu gehien dauen bertsolaria: hamabigarren finala dau Gorritikoak eta sei aldiz izan da txapeldun; halanda ze, bera da egungo txapelduna. Saioa Alkaiza iruindarrak hirugarren finala eta txapel bat ditu. Eneko Lazkozek bederatzigarren finala dau: lau aldiz heldu da buruz burukora Etxarrikoa. Joanes eta Xabat Illarregi leitzarrak laugarrenez ibiliko dira finalean. Bigarren finala izango dau Sarai Robles Barañaingo bertsolariak. Estreinakoz ibiliko dira finalean Ekhiñe Zapiain beratarra eta Eki Mateorena leitzarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu