Bertso Udalekuak ez dira egingo aurten
2020-04-24 09:47 BertsolaritzeaPenaz bada be, osasunari lehentasuna emon deutsie antolatzaileek.
Konturatu orduko, ate joka dagoz Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak urtero antolatzen dituan Bertso Udalekuak. Baina, Covid-19aren erruz, maiatzean, hezitzaileentzako prestakuntzea ezin dabe egin, eta udan egoerea zelan egongo dan be ezin da aurreikusi. Hortaz, aurtengo Bertso Udalekuak ez egitea erabagi dabe.
Lehentasuna osasuna dala argi izanda, arduraz jokatu eta aurtengo Bertso Udalekuak bertan behera itxiko dituela adierazo dabe Bertsozale Alkartekoek. Udan egonaldiak egin ahal izango balira be, maiatzeko prestakuntza barik hezitzaileak hara bialtzea ezinezkoa dala dinoe. Bestalde, egoerea luzatzen doa, eta ez dakigu udan egonaldiak egitea baimenduko ete dan.
Erabagi gatxa izan dala ganeratu dabe Alkartekoek, penaz hartutakoa. Parte hartzen daben gazteek, hezitzaileek, gurasoek eta Bertsozale Alkarteak ilusinoz elikatzen daben egitasmoa da, bertsolaritzeagaz olgau, lagun barriak egin eta egonaldiotan sortzen dan giroa parebakoa da; horren erakusgarri, 22 urteotan izan dauen arrakastea. Datorren urtean bueltauko dira Bertso Udalekuak.
Zezeilean zabaldu eben hezitzaileek izena emoteko epea. Martian, txanda bitan, gazteak apuntetako momentua izan zan. Guztira, 45 hezitzaile eta 180 gazte egon dira Orioko, Uitziko, Sopelako, Zugarramurdiko eta Zuhatzako egonaldien zain, antolatzaileen zenbakien arabera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!