Zaldiko Maldiko Alkarteko ordezkariak, Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2025-11-21 15:00   Bertsolaritzea

Nafarroako txapeldunari txapela jarteko ardurea daukate.

Ez da ohikoena alkarte batek txapeldunari txapela janztea. Baina aurton, Nafarroako Bertsozale Alkarteak Iruñeko Zaldiko Maldiko Alkarteari emon deutso horren ardurea, egiten dauen lana autortzeko eta eskertzeko. Sergio Barandiaran izango da finalean txapeldunari txapela jantziko deutsona.

Zaldiko Maldiko Alkartea hobeto ezagutzeko, Irati Majuelo eta Mikel Tabernagaz alkartuko da Hitzetik Hortzerako lantaldea. Gertutik ezagutzen ditue Majuelok eta Tabernak Zaldiko Maldikoren eguneroko lanak; baita, Nafarroako Bertsolaritzaren ekosistemea be. Zaldiko Maldikoren sorrereaz, historiaz eta Iruñean beteten dauen funzinoaz ibiliko dira asteburuko programan.

Zaldiko Maldiko bere sorreratik izan da Iruñeko bertsolaritzearen kabietako bat; besteak beste, sortu ebenetik izan dau bertso eskolea. Mikel Tabernak ondo ezagutzen ditu garai hatako kontuak, izan be, bertsolari eta gai-jartzaile lanak egin zituan. Irati Majuelo bertsolariak be ezagutzen dau bertso-eskolea, gaztetxotan hurretu zan-eta.

Horreek eta gehiago kontauko ditue asteburuko programan.

Tafallako eta Bermeoko bertsoaldiak

Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken final-aurrekoa jokatu zan Tafallan. Joanes Illarregik irabazi eban saioa, finalerako zuzeneko txartela lortuz. Ondoko bertsolari honeek ibili ziran: Joanes Illarregi, Amaia Elizagoien, Ekain Alegre, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi eta Xabier Maia.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketari jagokonez, Bermeon egin zan bigarren bueltako lehenengo finalaurrekoa eta hango bertsoaldiak be izango dira zapatuko programan. Aitor Bizkarrak irabazi eban saioa eta ondoko honeekaz ibili zan kantuan Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi, Onintza Enbeita eta Unai Mendiburu.

Hitzetik Hortzera: zapatuan, 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu