'Eta hortara goaz'
2019-12-03 09:20 Euskerea berbagaiEuskerearen komunidade sendoa eregiteko bide bakarra dago: bizitokia eta bizibidea Euskal Herrian izatea.
Frisian kontau dabe, Leeuwardenen, hizkuntza gitxituen ganeko nazinoarteko kongresu batean. Landa eremuan bizi diran gazte irlandarrek uriburuetara alde egiten dabe. Holan jokatzeko arrazoia bat eta bakarra da: ibilbide profesionala garatzeko aukerak Dublin moduko uri handietan dituela. Baina Irlandako gazte horreek badabe hizkuntzeari jagokon bereizgarri bat. Irlanderaz gehien egiten dan guneetan bizi dira, gaeleraz berba gehien egiten den eremu geografikoetan, Gaeltacht izenekoetan. Gehienek gaelera dabe etxeko hizkuntza. Baina uriburuan nekez egin daiteke gaeleraz, Bilbon euskeraz nekez egin daitekeen legez. Gazte horreek uriburuetako lan aukerei heldu ahal izateko etxekoa daben hizkuntzea bazterrean itxi beharrean dira.
Landa eremuan lan egiteko aukerea izango balebe, bertan goxo egingo leukie, bertan geratuko litzatekez eta gaeleraz egiten jarraituko leukie egunerokoan. Irlandako Gobernuak gero eta diru gitxiago bideratzen dau landa eremua bizibarritzeko. Horren ondorioz, landa eremuko komunidadeak gainbeherea bizi dau gazteek bertatik alde egiten dabelako eta, gazteakaz batera, hiztun komunidadeak bizirik jarraitzeko aukerea desegiten dalako azukrea kafesnetan legetxe.
Ipar Euskal Herriko gazteakaz jazoten dabilena ez dago Irlandako egoera horretatik oso urrun. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako gazte euskaldunak —etxetik euskaldun diranak eta asko baxoa arteko ikasketak euskeraz egindakoak be badiranak— ikasketak amaitutakoan, batez be unibersidadea amaitutakoan, askotan, etxe ondoan ikasketa horreekaz buztartzen dan lanik topau ezinik ibilten dira, Ipar Euskal Herriko egitura ekonomikoa oso mugatua dalako.
Frantziako Euskal Herri kontinentalean, Espainiako Euskal Herri peninsularrean ez bezela, pisu handia dau laborantzeak. Horretan Irlandako Gaeltacht eremuetako egoereagaz badau antzik Ipar Euskal Herrikoak. Laborantzan diharduen langile aktiboen proportzinoa % 6,7koa da Euskal Herri kontinentalean, 4.500 etxalde eta 9.000 laborari. Behe Nafarroako eta Zuberoako herri txiki askotan erdiak baino gehiago dira laborantzan diharduen herritarrak. Euskal Herri peninsularrean, aldiz, % 1 baino gitxiago dabiz Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzan, % 3 inguru Nafarroan.
Frantziako Euskal Herri kontinentaleko gazteak frantsesez egindako unibersidade ikasketak amaitzen dituenean, lan aukeren bila, ez dira Espainiako Euskal Herri peninsularrera begira jarten, Cervantesen hizkuntzan antolatua dagoan lan munduak uxatzen eta aienatzen ditualako. Gazte euskaldun horreek, jaiotetxetik urrun, lan aukeren bila, Frantziako uri nagusietara ez eze, nagusietan nagusi dan urira, Paris aldera be joatera behartuak dira. Kimu barri horreek, hogeitaka urtegaz, bizitza proiektua eregi behar daben urte erabagigarri horreetan, Euskal Herritik aldendu beharrean dagoz. Eta hortik aurrerakoa asmatzea ez da gatxa: lanean hasten diran urian, bikotekide izango dabena ezagutuko dabe eta lanaren eta maitasunaren arteko lotura horrek etxetik urrun dagoan uri horretara lotuko ditu, eta sarritan, ondoren etorriko diran seme-alaben medioz, bizitza osorako. Holan, bizitza proiektua Euskal Herrian eregi ezin daben gazte euskaldun horreek galdu egiten doguz euskerearen herrigintzarako.
Garai batean, etxean beteten ziran gizakiaren beharrik funtsezkoenak. Etxe berean bizi eta egiten zan lan, etxea zan bizitoki eta lantoki. Garai bateko baserri-etxeetan asetzen eban gizakiak, bizidun dan aldetik, elikatzeko dauen beharrik funtsezkoena. Sortzetiko behar hori asetzeko bidea da, atzokoa legez, gaur egungo beharra edo lana; eta, izanari estu-estu lotutako izena du gure euskeran: bizibidea. Garai batean lana bizitokiari edo etxeari lotuta egoan; gaur, aldiz, ez. Gaur egun, bizitokia dago lanari lotuta: non bizibidea, han izaten da bizitokia. Garai bateko baserri-etxeak euskerearen gordailu eta bizgailu ziren, gaur egungo uriak itzalgailu.
Euskerearen hiztun komunidade sendoa eregiteko bide bakarra dago: bizitokia eta bizibidea etxean, Euskal Herrian izatea. Gure gazteak Euskal Herrian nahi badoguz, lan eta bizi bertan egin behar dabe. Bide horretatik, Euskal Herri peninsularreko lan mundua euskaldunduko bagendu eta bertako enpresetako kudeaketea euskeraz egitera helduko bagina, gure Euskal Herri kontinentaleko gazteak ez litzatekez Parisera begira jarriko. Aukerea izango leukie Euskal Herri peninsularrean lan egiteko eta Euskal Herri kontinentalean biziteko.
Etxekotuta doguzan erdara biek Euskal Herri biak alkarregandik urruntzen ditue, askotan lepoa emonda jarri arte. Alkarri begira jarri nahi badoguz, lotzen gaituen euskerearen hari mehea derrigorrean indartu beharrean gara, hori nahitaezko dogu.
Arlo sozioekonomikoak euskerearen bizibarritzean dauen garrantzia aztertu barri dau Euskaltzaindiak Bilboko Merkataritza Ganbaran egin dauen 24. Jagon Jardunaldian. Bertan alkartutako eragile guztiek lan arloa euskalduntzearen giltzarritasuna hezkuntza arloa euskalduntzeagaz parekatu dabe. Hezkuntzea eta lana alkarren osogarri dira. Euskaldunez osotutako gizartean euskeraz bizi nahi badogu, nahitaezkoa dogu laneko arlo guztietan euskerea nagusitzea. Hori aho batezko aldarria izan da Euskaltzaindiaren Jagon Jardunaldian. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko instituzinoetako hizkuntza politikearen abangoardiatik, euskerearen aurrerabiderako egitasmo sendoak iragarri ditu lan arloan. Gipuzkoako Foru Aldundiak be arlo sozioekonomikoan eragitea jarri dau lau urteko agintaldiaren jomuga nagusi. EUDELek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek eta hiru uriburuek, Eusko Jaurlaritzagaz eta UEMAgaz batera, aurtengo Euskerearen Nazinoarteko Egunerako alkarregaz atondu daben adierazpen instituzionalak holan dino:
Ugari dira berariazko lanketa eskatzen daben alorrak, eta horreen guztien artean bada bat gizarte-bizitzearen gune-gunean dagoana: ekonomia, lana eta konsumoa batzen dituan arloa, hain zuzen be, gizartearen eta herritarron bizitzearen motore nagusia baita. Arlo sozioekonomikoak eta euskerearen erabilereak alkarri egin behar deutsien ekarriaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dala hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta konsumoaren munduan zuztar sakonik ez dauenik.
Elefantea ikusgarri bihurtu dogu. Oskorriren kanteak dino: Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz, eta hortara goaz.
Patxi Saez Beloki soziolinguistea eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!