Loraldiak udako sormen-egonaldirako deialdia aurkeztu dau

Bizkaie! 2026-01-28 09:58   Euskerea berbagai

Euskeraz sortzen daben 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago.

Igazko parte-hartzaileak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Loraldia kultur ekimenak Udako Gazte Sormen Egonaldia 2026 aurkeztu dau, euskeraz sortzen daben gazteentzako udako egoitza artistikoa, Lekeition. Programeak denporea, espazio eta fokua eskainiko deutsee hautatutako sortzaileei, baita erreferente kulturalen laguntzea tutorizatua be, euren proiektuak hurrengo mailara eroateko. Deialdia edegita dago eta proposamenak online formulario baten bidez aurkeztu beharko dira martiaren 1a baino lehen.

Euskerazko sormen gazteari bultzada estrategikoa

Loraldiaren Gaztea ardatzearen barruan kokatzen da Udako Gazte Sormen Egonaldia 2026, euskeraz sortzen daben gazteei begira diseinautako programea. Lekeition egingo dan udako egoitzearen helburua ondokoa da: euskerazko sormen proiektuak egiteko eta finkatzeko baldintza egokiak eskaintzea, ingurune jagon, lagundu eta esanguratsu batean.

18 eta 30 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzenduta, egonaldiak diziplina ugari hartzen ditu: arte eszenikoak, musikea, literaturea, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak edo diziplina hibridoak. Beti be, euskerazko sorkuntzea ardatz dauela.

Lekeitio: sormenaren eta alkarlanaren erdigune

Egonaldia Lekeition izango da, bagilaren 23tik 26ra bitartean, bertako inspirazinoa eta itsasoaren energia baliatuz. Parte-hartzaileek euren proiektuari forma emoteko astea izango dabe. Sortzaileek erreferente kultural ospetsuen tutoretza personalizatua jasoko dabe; halanda ze, ikasteko aukera parebakoa.

Proiektuak sendotu, hartu-emon sareak sortu eta ikusgarritasuna lortu

Parte-hartzaileek euren proiektuak egiteko baliabideak eta espazioa izango ditue, baita talde-lana eta sormen bidaia partekatua be. Egonaldia aukera ezin hobea da sarea edegiteko, sektorean hartu-emonak sendotzeko eta Loraldia markearen babespean autortzea lortzeko. Horrenbestez, euskerazko sormenaren sustapena eta etorkizuneko belaunaldi sortzaileei bultzadea emotea da helburua.

Deialdia edegita

Gazte sortzaileei dei egiten jake: kultur proposamenak euskeraz egiten dabenei eta euren proiektuei bultzada profesionala emon gura deutsen guztiei. Ideen proposamen artistikoa online formulario bidez bidali beharko dira. Oinarri osoak eta izen-emotea eskuragarri dagoz Loraldiaren webgunean.

Atontzaileak eta helburuak

Gazteentzako sormen-egonaldia Loraldiak atontzen dau eta ondoko honeek laguntzen dabe: Lekeitioko Udala, Naiz Irratia eta Laboral Kutxa. Babesa, barriz, Bizkaiko Foru Aldundiak emoten dau.

Loraldia Eskolea, martxan

2025eko abenduan zehar, ikasleekaz kontu-kontari ibili dira. Holan, kultur sortzaileekaz hartu-emonetan, daborduko gidoien sormen prozesuan dagoz. Bagilean, hiru ikuskizun plarazatuko ditue, euskeraz eta gaurko munduari begira: 

- Gaurko pastoral bat.

  • Gaia: Xabier Amurizaren biografia.
  • Ikasleak: Durangoko San Antonio Ikastetxea, DBH4.
  • Gidoilariak: Iruri Altzerreka Martinez eta Miren Aizpuru Bilbao.

- Bidelagunak.

  • Gaia: Euskal kantagintzra eta fantasia.
  • Ikasleak: Durangoko San Antonio Ikastetxea, LH5.
  • Gidoilaria: Sonia Villamor.

- Hegalak astinduz.

  • Gaia: Migrazinoa.
  • Ikasleak: Urretxindorra LH6.
  • Gidoilaria: Estitxu Moral Osa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu