AEK-k 24. Korrikaren unidade didaktikoak plazaratu ditu

Bizkaie! 2026-01-23 08:22   Euskerea berbagai

Euskerearen erabileran eragitea eta euskal kulturea transmitidutea dau helburu.

Euskal Herriko Ikastolak erakundeko buru Nekane Artola; Korrika arduradun Ane Elordi; AEKren Nazino Kontsejuko kide Aize Otaño; AEKren Irakaskuntza Zerbitzuaren arduradun Maialen Otegi; eta, Iñaki Zapirain eta Jon Alustiza. | Ikusi handiago | Argazki originala

Unidade didaktiko horreek Korrikaren webgunean dagoz eskuragarri, Euskal Herri osoko ikastola, eskola eta euskaltegietan zabaltzeko. Bideo-erreportajea hemen.

Batetik, ikastetxeetarako ikasmaterialak, Euskal Herriko Ikastolakaz alkarlanean sortuak; edadearen arabera sailkatuta dagoz, Ume Hezkuntzatik Batxilergora.

Bestetik, euskaltegietarako beharrak, AEKren Didaktika Sailak prestautakoak; mailaka atonduta dagoz, A1etik C1era. Horreetako bat, entzumen arazoak izan leikiezan personek erabili ahal izateko dago bideratuta.

Unidadeok hainbat barrikuntza ditue, betiko helburuak izan arren: euskerearen aldeko jarrerea zabaltzea, gure hizkuntzearen kontzientzia suspertzea eta haren erabileran eragitea, euskal kulturea transmitidutea eta bertoko erreferente kulturalak ezagutarazotea; baita korrika iragartea be.

Aurkezpenean, Iñaki Zapirain eta Jon Alustiza izan dira, Orereta Ikastolako irakasle eta ikastetxeetarako unidade didaktikoen egileak. Era berean, AEKren Didaktika Saileko kide Amaia Lopez de Luzuriagak be berba egin dau, euskaltegietarako materialen inguruan hain zuzen be.

Zapirainek eta Alustizak edizino honetako unidadeen barrikuntzak nabarmendu ditue: alde batetik, -Korrika Txokoa- izeneko jarduerak: zirkulazino autonomoan ibilteko materiala da, ikasleek euren nahien eta erritmoen arabera. Beste batetik, -Hurrengora arte!- jarduerea dago, Korrika amaitu ondoren egitekoa; Korrikan bizi izandako esperientziak partekatzea izango dau helburu.

Bestalde, López de Luzuriagak aitatu dau euskaltegietarako bilduma hirukotxa atondu dabela: -Badator 24. Korrika!-, -24. Korrikaren ibilbidearen jolasa- eta -Korrika historian-. Azken hori, batez be, hezkuntza arruntean zailtasunak izan leikiezan personek erabili ahal izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu