Bizkaierearen gramatikea, sarean

Bizkaie! 2026-02-06 12:43   Euskerea berbagai

Online eta doban, hemen.

Labayru Fundazinoak Labayru Gramatika plazaratu dau bizkaiereari buruz. Urteetako ikerketa eta lanaren emoitzea da orain sarean aurkezten dana edonorentzat eskuragarri. Bertan, bizkaierearen ezaugarri morfologiko, sintaktiko eta ortotipografikoak batzen dira, bizkaierea hobeto ezagutu eta erabili ahal izateko, prestigioa emoteaz gan.

Gramatikako edukiok era askotakoak dira, tartean, deklinabidea, aditza, graduatzaileak, postposizinoak, perpaus muetak... Lehenagotik be badagoz beste gramatika batzuk, baina zeinentzat da lagungarria Labayruren gramatika?

Berez euskerea darabilen edo euskeraz idatzi gura dauen edonorentzat. Bizkaitarrok batzuetan zalantzak daukaguz: hau batuaz ondo esanda dago? Eta bizkaieraz idatzi gura badot zelan dago hobeto? Bizkaieraz jarduteko orduan sortu leitekezan zalantzak argitzeko tokia da gramatika hau. Era berean, bizkaieraz desbardinak diran egituretan, bizkaierearen eta batuaren arteko aldeak zeintzuk diran adierazo da.

Lan horren asmoa testua sortzeko eredu eta baliabideak eskaintzea izan da, idatzizko iturririk esanguratsuenak eta gaur egungo hiztun jatorrek darabilezan egiturak kontuan hartuta. Idatzizko iturriei besteko lekua emon jako ahozkoari.

Gramatika horrek mendebaldeko euskerea edo bizkaiera estandarra deritzoguna finkatzen dau, beti be, euskera batuagaz lokarriak ugariagoak eta estuagoak izan daitezan.

Gramatikako kontzeptuen deskribapen edo azalpenakaz batera, adibideak jarri dira beti, egitura bakotxa bere erabilera-testuinguruan kokatzeko. Gainera artikulu bakotxean oharrak, proposamenak edo galderak egiteko aukera dago.

Hasierako orrian azalpen edo ohar labur batzuk dagoz, barruan dagoanaren aurrerapen moduan. Gehienetan zalantza eragiten daben gaiak dira. Holakoak aldian-aldian argitaratuko dira.

Lan horren oinarria aspaldian liburu moduan argitaratutako Euskeraren Jarraibide Liburua: Lehenengo pausuak (2001) eta Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburua: Bigarren pausuak (2005) dira. Ordutik lanean jarraitu izan dabe eta orduko edukiak ugarituta dagoz.

Egitasmoa Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz egin da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu