Arlo sozioekonomikoan euskerea bultzatzeko deia egin dabe erakundeek

Bizkaie! 2019-11-28 12:24   Euskerea berbagai

Euskerearen Nazinoarteko Eguneko adierazpen bateratua plazaratu dabe.

Euskaraldiaren eragin positiboa aitatzen dau adierazpenak | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko ugarik egin dabe bat Euskerearen Nazinoarteko Eguneko agiriagaz. Abenduaren 3an irakurriko dabe jentaurrean, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dan ekitaldi instituzionalean, baina gaur kaleratu dabe testua. Sinatzaileak honeek dira: Eusko Jaurlaritzea; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak; uriburuetako udalak; Eudel; eta UEMA.

Bide barriak, modu barriak. Ondo etorri etorkizunera izenburua ipini deutsie adierazpenari. Izan be, gaur egungo lorpenetatik hasita, etorkizunean euskerearen normalizazinoak beharko dituan pausuak nabarmendu ditue sinatzaileek. Arlo sozioekonomikoan eragitea da preminazkoena.

Euskerea plazara ateratzeko ahaleginean, bide luzea egin dabe euskaldunek, eta alkarlanari esker, aurrerapausu handiak egin dirala nabarmentzen dau testuak: Jarduerak adostu doguz, diagnostikoak hurreratu, ekimenak josi, alkarregaz ebaluau dogu egindakoa. Alkarregaz hobetuko dogu hobetu beharrekoa. Gizarteak erantzun sendoa emon dauela ganeratu dabe.

Bide horretan Euskaraldiak izandako eragin positiboa be gogoratzen dau adierazpenak. Ezagutzen ez genduan modu baten aktibau zituan igazko ariketeak euskal hiztunak, neurri batekoak zein bestekoak. Aktibau zituan herri-aginteak eta askotariko erakundeak, ikuspegi barri batetik. Euskerearen aldeko jarrerea konpromiso praktiko eta egingarri bihurtu eban Euskaraldiak.

Euskerearen Nazinoarteko Egunean badago, beraz, ospatzeko asko, baina aurrera begiratzea be ezinbestekoa dala dino testuak, alorrez alor landu beharra dago erabilerearen landarea, sendo hazi daiten. Landu beharreko eremu asko dagozan arren, ekonomia, lana eta konsumoa aitatzen ditu adierazpenak, arlo sozioekonomikoa gizarteko bizitzearen erdi-erdian dagoalako, gizartearen eta herritarron bizitzearen motore nagusia da.

Lanaren, ekonomiaren eta konsumoaren alorrean zuztar sakonik ez dauen hizkuntza-normalizazino planik ez dagoala dino agiriak, eta hainbat eragile bide horretan dabizala. Erronka nagusietako bat izango da era guztietako erakundeen izakeran euskerea txertatzea, arlo sozioekonomikoan be estrategia, konpromiso eta praktika barriak sortzea.

Irakurri adierazpen osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu