'bake(-)elkarrizketa', 'ideia(-)jasa' eta 'kale(-)zurrut' Euskaltzaindiaren Hiztegian
2026-01-23 09:43 Euskerea berbagaiGuztira, 52.561 forma jasoten ditu hiztegiak.
Azken sei hilabeteotako eguneratzea egin dau hiztegian euskerearen Akademiak. Holan, 485 forma barri jaso dira eta 1.186 berrikusi, horreen artean 687 adiera barri. Gainera, 2.353 adibide barri be jaso dira. Eguneratze horregaz, 52.561 forma jasoten ditu hiztegiak, 70.978 adiera eta 118.579 adibide.
Forma barriei jagokionez, 2025ean testuliburuak aztertu ditu hiztegiaren lantaldeak, batez be, DBH eta Batxilergo mailan dagozen ikasleei eta Lanbide Heziketako ikasleei begira. Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak adierazo dauanez: garrantzi handikoa da maila horretako berbak arautzea, baina ez hori bakarrik: ikasleek horreen definizinoak eta erabilerean lagunduko daben adibideak eskura izatea ezinbestekoa da hiztegia baliagarri izateko.
Orain arte, jasotakoa berrikustea da lantaldearen eginkizun garrantzitsuenetakoa, eta, zentzu horretan, esfortzu handia egin da: adiera barriak sartu dira, erabili bakoak isildu, erregistro-markak, adibideak gehitu edo barritu… Hain zuzen be, ahalegin horren erakusgarri dira eguneratze honetako 2.353 adibide barriak.
Jakintza-arlo ezbardinetako forma barriak
Hiztegiaren lantaldeak testuliburuen azpicorpusa lantzeari eskaini deutso denpora-tarterik handiena lehen zati honetan, batez be, giza eta gizarte-zientziei jagokiena (gizartea, historia, politikea, zuzenbidea, erlijioa modukoak): bake(-)elkarrizketa, bake(- )konferentzia; botere absolutu, botere betearazle, botere exekutibo, botere judizial; greba orokor; genero(-)berdintasun, gizarte patriarkal, indarkeria matxista, parrizida; desobedientzia zibil; entente; kamerlengo; mandala; triunbiratu, ganboar / oinaztar, liberto; petroglifo.
Baina bestelako jakintza-arloek eta ikasgaiek be ekarri ditue forma barriak, oraindino ikergaia amaitu barik badago be. Ekonomian (ezkutuko ekonomia; industria arin / industria astun; sozietate anonimo / sozietate mugatu); geografia-geologian (mapa fisiko / mapa politiko; egitura geologiko; ozeano(-)fosa; ozono(-)geruzaren zulo); kirolean (arrisku(-)kirol; berotze(-)ariketa; bidegorri(-)sare); osasun-zientzietan (endokrinologo; epiglotis; hipermetropia; oxigeno(-)bonbona; otorrino lgart., forma soildua); ekologian (energia berriztagarri; energia eoliko; kutsadura akustiko); matematikan (ekuazio diferentzial) edo fisikan (grabitatu).
Urkiak ondokoa gaineratu dau: azpicorpus horrek orain arte hiztegiratu bako forma arruntak jorratzeko aukerea emon deusku, corpus handietan galduta gera daitekezenak dira-eta horreetako asko.
Lagunarteko formak: popatik, zer demontre...
Ez dira testuliburuetako berbak bakarrik jaso. Betiko konbinazinoak, lagunarteko formak edo ezkutuegi egoazenak be bistaratu dira eta jagokien lekua emon jake hiztegian seihileko honetan.
Berba bat beste baten ondoan adierazotea ez da beti garbia, baina holan agiri badira normalean, hori hiztegian bistaratzea lagungarria da. Esaterako: arazo larri (jasoak dagoz lehenago istilu larri, akats larri eta kinka larri); haserrea piztu (haserre + piztu konbinazinoa ez da garbia; eztabaida piztu, liskarra piztu, interesa piztu, alarma(k) piztu, gerra piztu modukoak daborduko badagoz hiztegiratuak); zerrenda beltz (zerrenda baltza ez da beltz koloreko zerrenda; jasotea eta argitzea komeni da: susmagarritzat edo arriskutsutzat hartzen diran herrialdeen, erakundeen edo personen zerrendea); ideia(-)jasa (brainstorming ala ideia(-)jasa? garai batean bullying / eskola(-)jazarpen bikoteagaz suertau zan bezela, erabilereak eta denporeak euskal formearen alde egin dabe eta holan jaso da). Azkenik, garbia eta erabilia dan kale(-)zurrut be hiztegiratu da (Talde bat, batez be, gazte talde bat, kalean batzea, edari alkoholdunak edateko).
Hizkera formalaz gan, beharrezkoak dira lagunarteko formak. Beraz, batzuk ekarri dira hiztegira: popatik; ez dago eskubiderik; zer demontre…
Orain arte adibide bezela jasota egoazen forma batzuk ikusgarritasun handiagoa behar ebela ikusita (erabilera-datuek holan erakusten dabelako), azpisarrera egin dira: alde on / alde txar; duda barik / duda(rik) gabe / zalantza barik / zalantza(rik) gabe; enpatia izan...
Dagoana berrikustea, fintze-lan amaibakoa
Hiztegian forma barriak jasotea garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da dagoana berrikustea. Holan, sarrera batzuk kendu egin dira: azalki (lehen bersinotik jasoa, ia corpusik eskura ez egoanekoa; adibide bakarra egoan dokumentatua; egungo corpusetan ez da agiri. Isildu egin da, Orotariko Euskal Hiztegian dago-eta); artzobispo (obispo sarrerarik ez dago hiztegian eta artzobispo garai batean hobe artzapezpiku bezela jasoa egoan. Euskerearen Erreferentzia Corpusean agerraldi bakarra dau; artzapezpiku da forma arautua eta nahikoa da horregaz).
Beste hainbat kasutan erabilera-markak gehitu dira: adiskidetzako (bizk. zah. g. er. gehitu da: bizkaierako forma sano zaharkitua da, baina dokumentatua, asko erabili ez bada be); berenjena (Heg. euskalki-markea eta adibidea barriak dira).
Gainera, adierak berrikusi eta osotu dira hainbat sarreratan:
- audiobisual (lehen Ikus-entzunezkoa zan, orain: 1 adj. Ikus-entzunezkoa, irudiaz eta soinuaz balietan dana.; 2 iz. Ikus-entzunezkoa, irudiak eta soinuak erabilten dituan baliabidea, adierazpidea edo komunikabidea.).
- geografia (lehen Lurrazalean pasetan diran naturea, biologia eta giza gertakariak ikertzen dituan jakintzea. zan, orain 1 iz. Lurrazalean pasetan diran naturea, biologia eta giza gertakariak ikertzen dituan jakintzea.; 2 iz. Geografiak ikertzen dituan gertakarien eta ezaugarrien moltsoa.).
Betiko lez, adibideak berrikusi, moldatu eta gehitu dira sarrera askotan: algoritmo, bestengusu, megawatt…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
