'Euskara Bonua' programea pozik jaso dau Kontseiluak

Bizkaie! 2026-05-26 07:35   Euskerea berbagai

Euskaltegietako A0, A1 eta A2 mailetan matrikuletako prezioa 120 eurora murrizten dauena.

Euskalgintzearen Kontseiluak pozik jaso dau Eusko Jaurlaritzeak sustatutako Euskara Bonua programa barria, euskaltegietako A0, A1 eta A2 mailetan matrikuletako prezioa 120 eurora murrizten dauena, izan be, aurrerapausu positiboa da euskera-ikasketen dobakotasun osoaren bidean, herritarren artean euskerearen ezagutza orokortzea helburu.

Esangura horretan, ezinbestekoa pausua da ikastaro isolatuak finantziau beharrean, ikaskuntza ibilbideak egiteko baldintzak eta irisgarritasuna bermatzea. Jaurlaritzearen ekimena bide horretan dabil Kontseiluaren eretxiz eta C1 mailara arteko ikasprozesu osoaren dobakotasuna lortzeko ekarpena egiten jarraituko dau helduen euskalduntzearen sektoreko eragileakaz batera.

Kontseiluak beti aldarrikatu dau euskerea ikasteko eskubidea unibersala eta dobakoa izan behar dala eta, beraz, euskalduntzeko eta alfabetetako bidea erraztu egin behar jakela herritar guztiei, berezko hizkuntza ikasteak ez daian ezelako kosturik eragin ikasi nahi dauenarentzat.

2017an argitaratu eban Dobakotasuneranzko bidean proposamena, helduen euskalduntzean dabizenn euskaltegien babesagaz, eta Euskara Denontzat doan kanpainea bultzatu be. 2022an, Euskerea ezagutzeko beharra helduen artean sustatzeko proposamena aurkeztu eben Kontseiluak eta sektoreko eragileek, euskalduntze prozesu osoa dobakoa izateaz gan, helduei euskerea ikasi beharra sortzeko motibazino pragmatikoa zein afektiboa bultzatzearen garrantzia azpimarratuz.

Horrezaz gain, Euskal Herri osoko administrazinoen eta herri ekimenaren arteko jarduna koordinetan Helduen Euskalduntzerako Agentzia bateratua sortzea proponidu zituan.

Era berean, Batuz Aldatu adostasun sozial zabalean jasoten dan bezela, etorkizuneko hizkuntza-politikek euskerearen ezagutzearen unibersalizazinoa izan beharko dabe helburu, herritar guztiek izan deien euskeraz berba egiteko eta biziteko aukerea.

Kontuak kontu, 60. hamarkadan hasitako Bigarren Pizkundean helduen euskalduntzea izan zan gakoetako bat. Eragin nahi dogun Pizkunde barri honetan be, ezinbesteko oinarrietako bat izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu