Udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko finantziazino-sistema barria adostu dabe
2026-05-25 12:08 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak eta EUDELek.
Erakunde biek lehen aldiz lortu dabe udal euskaltegien finantziazinoari egonkortasuna eta epe luzerako ikuspegia emongo deutson akordioa, Udal Legean jatorria dauena. Sistema barriak orain arte indarrean egondako eredua eguneratuko dau, kudeaketa administratiboa sinplifikau eta udalen zein euskaltegien plangintza-gaitasuna indartuko dau.
Akordioaren aurkezpenean izan dira Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Esther Apraiz EUDELeko presidentea eta Derioko alkatea; Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea (EAJ/PNV); Iñaki Olalde Oñatiko zinegotzia (EH BILDU); eta Jon Ugarte Irungo alkateordea (PSE-EE).
Era berean, bertan izan dira HABEko zuzendaria, Jokin Azkue eta EUDELeko zuzendaria, Joseba Intxausti be. Agerraldian azpimarratu da akordioak dauen balioa eta euskerearen inguruan lankidetza instituzionalerako eta herri ikuspegia konpartiduteko dagoan gaitasuna.
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu dauenez, gaur aurkeztutako akordioa ez da neurri isolatu bat, Eusko Jaurlaritzeak Jauzia Gara estrategiaren barruan helduen euskalduntzearen sisteman bultzatzen dabilen eraldaketa zabalago baten parte baino. Euskerearen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa emon nahi dgu eta, horretarako, lehentasunezko arlo bat dago: ezagutza eta hizkuntza-gaitasuna. Bengoetxearen eretxiz, euskerearen erabileran jauzia emon nahi badogu, dobakotasun-politikak ez eze, euskaltegi sare sendo eta egonkorra be behar dogu.
EUDELeko presidenteak, Esther Apraizek, euskal udalen aldarrikapen historiko bati erantzuteko erakundeen arteko lankidetzea nabarmendu dau eta udal sensibilidade ezbardinen artean lortutako adostasunari balioa emon deutso: gaur oinarrizko pausua emoten dogu udal euskaltegien finantziazinoa blindau eta milaka herritarrentzat oinarrizko eta hurbileko zerbitzu publiko lez sendotzeko.
Era berean, azpimarratu dau akordioak hizkuntza eskubideak, gizarte kohesinoa eta aukera bardintasuna indartzen dituala euskal udalerrietan.
Udal-ordezkariak bat etorri dira udalen eta ikastetxeen finantziazinoa egonkortzeko prozesuan eta plangintza-gaitasunerako konpromiso bateratuan. Euskaltegi publikoek komunidadearen bizitzan daben garrantzia be defendidu dabe, baita udalerri guztietan euskerarako sarbidea bermatzeko be.
Kontuak kontu, HABEren eta EUDELen arteko akordioak udal euskaltegien finantziazino-sistema barria ezarriko dau 2026-2027 ikasturtetik aurrera eta lau ikasturterako indarraldia izango dau. Sistema barriak irakasleen kostuetan eta antxinatasunean oinarritutako aurreko eredua ordezkatuko dau, jarduera-unidadeetan eta emondako eskolorduetan oinarritutako sistema sinplifikatuago eta homogeneoago baten bidez.
Helburua udal euskaltegien finantza-egonkortasuna indartzea, kudeaketa administratiboa erraztea eta sistemea euskaltegien gaur egungo errealidadera egokitzea da. Gainera, akordioak transizino-neurriak aurreikusten ditu, sistema-aldaketearen ondorioz kaltetuak izan daitekezan euskaltegiek galerarik izan ez deien.
Eusko Jaurlaritzeak handitu egingo dau udal euskaltegietara bideratutako finantziazino: 2025-2026 ikasturteko 14,1 miloe euroetatik 2026-2027 ikasturtean 15,1 miloe eurora igaroko da. Horrek % 7tik gorako igoerea ekarriko dau.
Gaur egun, 38 udal euskaltegiek ia 9.000 ikasleri emoten deutse zerbitzua, eta bostehun bat profesionalek egiten dabe lan sare honetan. Danetara, euskaltegi publiko eta pribatuen sareak 35.000 ikasletik gora batzen ditu Euskadin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
