Elhuyar Hiztegia: 30 urte eta 75 miloe konsulta

Bizkaie! 2026-02-18 11:11   Euskerea berbagai

Konsultetako modua be guztiz aldatu da. 

Elhuyar Hiztegiak 30 urte bete ditu. Urteotan, hiztegiko berbak, adierak eta adibideak egokitu diran moduan, horreek konsultetako modua be guztiz aldatu da. Hiztegi fisikoak ezagutzen doguz baina orain konsultak eskuko telefonoan, tabletan eta ordenagailuan egiteko joerea da nagusi: esaterako, eskuko telefonoko aplikazinoa 100.000 aldiz baino gehiago deskargau da eta webguneak astean 150.000 bisita ditu.

Erabilera-datuek argi erakusten dabe proiektua garrantzitsua eta eredu dala: Elhuyar Hiztegiaren lantaldean aditu-taldea dago eta berbak, adibideak eta oharrak ondo aztertu ondoren txertatzen dira hiztegian. Bestalde, euren ataria (hiztegiak.elhuyar.eus) hiztegi bat baino gehiago da, halanda ze, ondokoa be eskaintzen dau: euskerearen erabilerearen inguruko gomendioak (#ElhuyarrenGomendioak), idazten laguntzeko tresnak (Idazlagun) eta euskerea errepasetako eta hobetzeko olgetak (#HitzJolasa).

hiztegia proiektu bizia da: 2025ean, hiru hiztegi elebidunetan (euskerea-gaztelania, euskerea-frantsesa eta euskerea-ingelesa) 2.800 sarrera inguru eguneratu dira. Horreetatik, 2.000 inguru sarrera barriak dira eta beste 800 moldaketak, hainbat arlotan. Eguneraketa horreen bidez, hiztegiaren kalidadea eta erabilgarritasuna hobetu gura izan dira. 

Eguneraketa horreek egiteko, Elhuyar Hiztegiak hainbat iturri erabili ditu, besteak beste, kontuan hartzen dira Euskaltzaindiaren Hiztegian egindako eguneraketak, erabiltzaileen iruzkinak eta proposamenak eta hedabideetan eta bestelako argitalpenetan agertzen diran berba eta erabilera barriak. Azken horreek Elhuyarrek landutako hizkuntza-teknologien bidez identifiketan dira.

Bestalde, Elhuyar Hiztegian hizkuntza bardinzalea sustatzea helburu hartuta, 2025eko eguneraketetan genero-ikuspegia jorratu zan.

Elhuyar Hiztegiak 30 urte

Hogeita hamar urte pasau dira Elhuyarren lehen hiztegi elebiduna, euskara-gaztelania hiztegia, kaleratu zanetik. Halanda ze, 1996. urtean ekin eutson ibilbideari Elhuyar Hiztegiak. Elhuyar Hiztegiak unean-uneko egoerara eta teknologietara egokitzen jakin dau hasiera-hasieratik; lehen argitalpenean, papelezko edizinoagaz batera, CD-ROM formatua eskaini zan. 1999an, hiztegiak Internetera egin eban salto; hiztegien onlineko ataria gizartearen eskura jarri zan. Ondoren etorri ziran frantsesa-euskerea (2004) eta ingelesa-euskerea hiztegiak be (2007); orain, guztiak dagoz konsultagai webgune bakarrean: hiztegiak.elhuyar.eus.

Gainera, 2011n, hiztegien aplikazinoa egin zan, hiztegia eskuko telefonotan eta antzeko gailuetan konsultetako eta 2023an Windows, Linux eta Mac sistema eragileetarako mahaigaineko aplikazinoa.

30 urte honeetan, hiztegiko berbak, adierak eta adibideak egokitu diran bezela, horreek konsultetako modua be guztiz aldatu da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu