UEMAko kide diran udalek abantailak izango ditue 'Laburbira' euren herrietan jasoteko
2026-01-28 07:54 Euskerea berbagaiUEMA eta Taupak baldintza bereziak adostu ditue horretarako.
Laburbira, euskerazko film laburren zirkuitua, UEMAko kide diran herri guztietara heldu ahal izateko baldintza bereziak adostu ditue UEMAk eta Taupak, proiekzinoen ondoren berbaldiak egiteko aukerareagaz.
Beraz, UEMAko kide diran udalek abantailekaz atondu ahal izango ditue Laburbiraren proiekzinoak.
Izena emoteko aukerea edegita dago zezeilaren amaiera arte, hemen.
Udalek bertan aukeratu ahal izango dabe martiaren 1etik 29ra bitartean zein egunetan eta non atondu gura daben proiekzinoa. Horrezaz gan, sortzaile eta ikusleen arteko hartu-emonak erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekaz berbaldiak atontzeko aukerea be izango dabe udalek, gura izanez gero.
XXIII. Laburbiran 32 lan aurkeztu dira. Halanda ze, horreetatik zazpi hautatu ditue bildumea osotu eta herriz herri ikusi ahal daitezan. Guztira, 80 minutuko film-labur bildumea sortu dabe, ikusleei ahalik eta proiekzino aberasgarriena eskaini asmoz.
Ondokoak dira, hurranez hurran, aurtengo Laburbiran ikusgai izango diran film laburrak:
- Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian Larzabal).
- Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz).
- Fishy (June Asua Olabarria).
- A-Maniki (Elixabet Nuñez).
- Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala).
- Orain zer? (Aihnoa Urgoitia).
- Hortzikara (Ane Cuesta).
Amaia San Sebastian zuzendariaren Olentzerori eskatu nion filmak igazko Donostiako fantasiazko eta bildurrezko astean film labur onenaren EITB saria irabazi eban. Geratzen den hori filmak, barriz, Espainiako estaduko film labur onenaren saria jaso eban Zinebin.
Horreezaz gan, Orain zer? dokumentalak eta Erraka zoko hortan filmak be sekulako ibilbidea egin dabe estreinau diranetik.
Laburbira euskeraz sortu eta produzidutako film laburren zirkuitua da. Helburu nagusi bi ditu: euskal zinemagintzea sustatzea, zinemagileei lanak erakusteko aukerea emonez; eta, herritarrei euskeraz sortutako film laburrak ezagutarazotea.
Kontuak kontu, egitasmoa euskal zinemagintzearen erakusleiho konbertidu da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
