Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak (AVD-ZEA) lankidetza hitzarmena sinatu dabe
2026-02-27 07:50 Euskerea berbagaiBost urteko indarraldia izango dau.
Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak (AVD-ZEA) bost urterako lankidetza-hitzarmena izenpetu dabe, euskerea jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazinoan eta sentiberatzean egitasmoak konpartiduteko konpromisoa hartu dabe. Gainera, hitzarmen honek jasoten dituan egitasmo guztietan Euskaltzaindiak euskerearen arloan ezarritako arauak eta proponidutako gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartu dabe. Bestetik, Euskaltzaindia lantzen dabilen Euskerearen Erreferentzia Corpusa (EEC) elikatzeko asmoz, Zuzenbidearen Euskal Akademiak argitaratutako euskerazko testu-multzoa erabilteko adostasuna erakutsi dabe erakunde biek.
Aurkezpenean izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Elixabete Piñol Zuzenbidearen Euskal Akademiako presidenteorde eta euskaltzain urgazlea.
Euskaltzainburuaren eretxiz, berebiziko garrantzia dau hitzarmen honek: Euskaltzaindiaren eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren arteko hartu-emonak aspaldikoak badira be, bion arteko hitzarmen honek berretsi eta sendotu egiten dau lotura hori, bi bion ekimenak euskera zuzenbidearen arloan txertatzeko eta erabilteko erabiliko ditugula. Aurrerantzean, beraz, bion arteko kolaborazinoa gauzatzeko hainbat ekitaldi, biltzar, argitalpen, jardunaldi, baliabide informatiko eta bestelakoak egitea da asmoa, beti bere, euskerea eta zuzenbidea helburu hartuta; bestetik, erakunde bien arteko testu trukaketak egiteko zuzenbidearen arloan Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskeraz produziduten dauena Euskaltzaindiak bere eskura izan daian euskerearen estandarizazino prozesuan. Azkenik, aurten Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena dala eta (1526-2026), foru horrek euskereari ekarri deutson berme juridikoa eta linguistikoa ikusarazo eta gizarteratzeko ahalegina egingo da, jardunaldien eta sare sozialen bidez».
Elixabete Piñolek akordioaren garrantzia nabarmendu dau, esanaz euskerea erabilteko bildurra kendu behar dogula, baita Zuzenbidearen arloan be: testuak badagoz, euskerazko dokumentuak badagoz, eta erabili egin behar ditugu, oraindino be badagoelako erresistentzia edo bildur bat, eta hori gainditu behar dogu. Guk geuk erakutsi behar dogu mundu juridiko-administratiboan euskerea erabilteko aukerak badagozala, testamentu edo demanda bat egin daitekeela euskeraz. Beraz, militanteak izan behar gara eta arlo honetan be gure hizkuntzea erabilteko ahalegina egin behar dogu.
2026an, ondoko egitasmoak alkarlanean landuko ditue:
a) Iurislinguistikaren arloan, euskera juridikoa jorratzeko bidean. Euskerearen ofizialtasunak izan dauen garapenari eta eraginari buruzko testu-bilduma eta oinarrizko bibliografia osotzeko urratsak egingo ditue. Oinarrizko bibliografia osptzearen helburua da, besteak beste, ofizialtasunak ekarri dauena dokumentetea, bai indarrean dagoanaren gaineko interpretazino egokia emoteko, bai irismenari eta eraginari buruzko azalpen-testuak jagoteko be.
b) Euskerearen ofizialtasuna lantzeko ikerketak. Horretarako, beka-deialdi bateratua egingo dabe erakunde biek.
c) Hizkuntza-zuzenbidearen arloan, AVD-ZEAk eta Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak lankidetzan jardungo dabe gaiari buruzko jarraipena egiteko eta ikertzeko, eta Hizkuntza Zuzenbidearen Behatokia eratuko dabe, ondoko helburua beteteko: urtean behin, Frantziako edo Espainiako estaduetan euskerearen ofizialtasunak izandako aldaketei zein euskal lurraldeetan euskerearen ofizialtasunak izan dituan eguneratzeei zein moldaketei buruzko azalpen-txostena egin eta gizarteratzea.
d) Bizkaiko Foru Barriak bostehun urte dituala eta (1526-2026) Euskaltzaindiak eta AVD-ZEAk lankidetza berezian ibiliko dira, beste erakunde batzuekaz batera, Bizkaiko Forua eta euskerea, bostehun urte geroago jardunaldia atontzeko. Jardunaldi horretan Legea mintzo erakusketea jarriko dabe jente-aurrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
