24. Korrikak Errigora autortu dau

Bizkaie! 2026-02-02 08:30   Euskerea berbagai

Zainzuriñe eta Orburutxo panpinak, Errigoraren ordezkari izango dira.

Xabi Gartzia, Ane Elordi, Irati Abio eta Adriana Urmeneta. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hiru helburu nagusi ditu Errigorak: euskerea, auzolana eta elikadura-burujaubetzea. Aterpea eskaintzen deutse Ager eremuko herritarrei eta euskalgintzeari, baita Euskal Herri osoko konsumitzaileei eta produkotoreei. Halanda ze, 24. Korrikaren leloaren (Euskara gara) adibide ezin hobea da Errigora; AEKren Nazino Kontseiluko kide Xabi Gartziak definidu dauen bezela: amesten dogun Euskal Herriaren egileak. Durangoko Plateruenan izan da ekitaldia.

Ekimenaren sorrerak nabarmendu ditu Gartziak: Korrika lez, idea sinple eta ausart moduan jaio zan, denporeak erakutsi dau arrakastatsua eta bikaina dala. Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezela.

Ane Elordik, Korrikako arduradunak, ondokoa adierazo dau: helduen euskalduntzea dogu erronkea eta helburu, horretan be bidelagun dogu Errigora.

Era berean, dei egin deutso jente-arteari, martiaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora, Euskal Herri osoan Errigora autortzeko: Nafarroan, euskera ofiziala ez dan eremuan, 24. Korrikaren bitartez, Errigorak euskalduntzean egiten dauen ahalegina autortzeko modua izango da, baita etorkizunerako bultzadea emoteko hauspoa be.

Errigoraren izenean, Adriana Urmenetak eta Irati Abiok egin dabe berba: eskerrak emon gura deutsagu Korrikari, Errigoraren lana autortzeagaitik. Ekimen gitxik daukate urtetik urtera herri honen grinari bizirik eusteko gaitasuna, eta, duda barik, Korrika da horreetako bat da.

Kontuak kontu, Elordik, Gartziak, Urmenetak eta Abiok, txalo-zaparrada artean, topa egin dabe ospakizun-egunari hasierea emoteko. Ondoren, Errigorako bazkideekaz batera, bazkaria egin dabe eta Kittu txarangearen eta DJ Bullen musikak girotu dau arratsaldea.

Zainzuriñe eta Orburutxo, Errigoraren ordezkari

Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa autortza-ekitaldiaren gidariek, Orburutxo eta Zainzuriñe panpinak aurkeztu ditue primizian. Martiaren 19tik 29ra, lagun bi horreek non dagozen identifiketan dituenek (lasterketa bitartean, 24 orduko zuzenekoan eta/edo Korrika aplikazinoan) sorpresaren bat izango dabe. Laster, informazino gehiago emongo dabe horren inguruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu