Udalerri Euskaldunen Eguna Otxandion izango da

Bizkaie! 2026-02-04 09:20   Euskerea berbagai

Maiatzaren 16an. 

Otxandion izango da aurtengo Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 16an. Topaketea, urte bitik behin egiten da, udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko. Daborduko, Otxandioko Udala eta UEMA hasi dira egunaren nondik norakoak atontzen, Otxandioko eragileekaz lankidetzan.

UEMAko kide diran udalerriek ez eze, gainerako udalerri euskaldunek be parte hartzen dabe. Aurton be, holan izatea gura dabe UEMAk eta Otxandioko Udalak. Horretarako eta eguna ahalik eta erakargarriena izan daiten, eguenan egin eben lehen batzarra herriko talde eta eragileakaz, Otxandioko Kultur Etxean. Otxandioko Kirol eta Kultur Kontseiluan batutako eragile guztiei emon eutsen UEMAk eta Otxandioko Udalak egunaren asmoen, helburuen eta nondik norakoen barri, eguna herrikoia eta arrakastatsua izan deian, alkarlana eta danon eretxia ezinbestekoak dira-eta.

Arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskerearen bizibarritzeari egiten deutsen ekarpena ikusarazotea eta euskerearen lurgunea babesteko eta sendotzeko beharra nabarmentzea izango da maiatzaren 16ko helburu nagusia, jaia eta aldarrikapena buztartuz.

Herritarren, euskalgintzearen eta erakundeen arteko zubia

Egun osorako egitarau zabala izango da eta betiko lez UEMAren batzar nagusia egingo dabe egun horretan. Horrezaz gan, bazkari herrikoia be atonduko dabe egitarauaren barruan. Atontzaileek hurrengo asteotan aletuko ditue egitarauaren eta ekitaldien xehetasunak, baina badakie herritarren, euskalgintzearen eta erakundeen arteko zubia izan behar dala, UEMAren beraren izakerea islatuz eta euskal herritar guztiak euskerearen zubira konbidauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu