Sinergiak ehuntzea da lankidetzearen ardatz nagusia
2026-03-03 13:18 Euskerea berbagaiElhuyarrek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe.
Elhuyarrek eta Euskaltzaindiak bost urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dabe gaur, hilak 3, Akademiaren egoitzan. Ekitaldian parte hartu dabe Itziar Cortés Elhuyarren aldi baterako koordinatzaile nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Erakundeek bakarka egiten daben lanen osogarritasuna, alkarrekikotasuna eta sinergiak ehuntzea dira lankidetzearen ardatz nagusiak.
Besteak beste, Euskaltzaindiak euskerearen batasunean emon dituan arauak, gomendioak eta erispideak zabaltzeko, hiztegigintzea aberasteko eta zientzia eta teknikearen arloan euskerearen erabilerea normalizetako lankidetzan ibili dira erakunde biak. Orain, lankidetza hori indartzea da asmoa, hitzarmenearen bitartez.
Ondokoak dira erakunde bien arteko alkarlanerako eremuak:
- Lexikografiaren arloan: euskerearen corpusa ikertu, zabaldu, eguneratu, eusteko, euskerea oraindino erabili barik dagoan eremuetara eroateko, gizarteratzeko eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko egitasmoen inguruabarrean ibiliko dira etorkizunean.
- Euskerearen batasunaren eremuan, batutako eta ondutako ezagutzearen transferentzian jardungo dabe: ikastaro, argitalpen, artikulu, txosten tekniko eta bestelakoen bidez.
- Era berean, ingurune digitalean euskerearen erabilerea jasoa sustatzeko produktuak eta egitasmoak, ekimenak eta jarduerak partekatu eta atonduko ditue.
- Ikerketea sustatzen ahaleginduko dira (argitalpenak, ikerketa-bekak, graduondoko lanak, doktoretza-tesiak eta abar) eta euskerearen ikerketan eta sustapenean eginiko lanak eta ibilbideak autortuko (sariak, monografiak eta abar) ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
