Korrika Munduan: euskerearen aldeko lasterketea, muga barik
2026-02-17 09:05 Euskerea berbagaiEuskereak ez dau mugarik, eta horren adibiderik ederrenetakoa da Korrika Munduan ekimena.
Euskal Herritik harago, munduko txoko askotan atontzen diran Korrika ekimenen helburua da euskera ikusarazo, euskal komunidadea aktibau eta hizkuntzearen aldeko aldarria plazara ataratea, kilometroz kilometro. Era berean, munduan barrena, Korrikak Ahizpa Txikiak ditu, eta aurten hiru hitzordu izango ditugu: bretoierearen, okzitanierearen eta katalanaren alde.
Korrika Munduan Euskal Herritik kanpo antolatzen diren Korrika herrikoiak dira, bertako euskal etxeek, euskara ikasleek, irakasleek eta laguntzaileek sustatuak. Formatu txikiagoan izan arren, esanahi handiko ekimenak dira: euskerearen aldeko mezua mundura zabaltzen dabe eta diasporako euskaldunak saretu. Ikusi hemen munduan zehar atondutako Korriken informazinoa.
Herrialde bakotxean bere modura atontzen da, besteak beste, ibilbide sinbolikoak, lekukoa eskuz esku eroate, ekitaldi kulturalak, musika, barriketaldiak eta topaketak. Baina guztiek konpartiduten dabe oinarri bera: euskerea erdigunean jartea.
Diasporatik euskereari bultzadea
Munduan zehar milaka persona dabiz euskerea ikasten eta erabilten. Korrika Munduan ekimenek indartu egiten dabe komunidade hori, ikusgarritasuna emonez eta batzeko atxaki parebakoa eskainiz. Askotan, Korrika Munduan urteko hitzordu garrantzitsuena bihurtzen da bertako euskaltzaleentzat. Gainera, ekimen horreek zubi lana egiten dabe: Euskal Herria eta munduko euskal komunidadeak lotzen ditue, sentimendu partekatua elikatuz. Lekukoa eroateak sinbolikoki adierazoten dau hori: hizkuntza bat herriz herri, herrialdez herrialde be pasetan dala, hain zuzen be.
Herrialde askotan, mezu bakarra
Azken urteotan Korrika Munduan ekimenak hainbat herrialdetan egin dira. Uri handietan zein herri txikiagoetan, euskerearen aldeko lasterketak bertako kaleak hartu ditu, askotan bertako jentearen jakin-mina piztuz. Horrek guztiak euskerearen nazinoarteko irudia indartzen dau, hizkuntza bizia, komunidade aktiboa eta etorkizunera begirakoa dala erakutsiz.
AEK eta Korrikarako, Korrika Munduan oinarrizko zutabea da, euskerearen aldeko mobimentu globala eta hizkuntza komunidadearen indarra azaleratzen dau.
Bat egin Korrika Munduanegaz
Euskal Herritik kanpo bizi bazara, edo diasporako komunidade baten parte bazara,Korrika Munduan atontzeko edo parte hartzeko aukerea badago. Jarri Korrikagaz hartu-emonetarako: korrika-munduan@korrika.eus
Kilometro bakotxak balio dau, urrats bakotxak mezua zabaltzen dauelako: euskerea bizirik dago eta munduan barrena dabil.
Korrika Munduan: euskereak korrika egiten dau, muga barik.
Ezagutu Korrikaren Ahizpak
Korrikan inspirauta, hainbat hizkuntza gitxituk antzeko egitasmoak sortu ditue, Korrikaren Ahizpak, hain zuzen be.
2026an hiru hitzordu egongo dira:
- Katalanaren aldeko Correllenguagaz, apirilaren 19tik maiatzaren 5era.
- Okzitanierearen aldeko La Passemekin apirilaren 30etik maiatzaren 9ra.
- Bretoierearen aldeko Ar Redadegaz, maiatzaren 8tik 16ra.
Hiru Ahizpa horreek 24. Korrikan parte hartzea aurreikusita dago eta lekukoa eroango dabe Bilbon. Era berean, Korrikak azken jaian -martiak 29- izango dituan guneetako bat eskainiko deutse Munduko lagunei: Etxepare gunea, hain zuzen be, Plaza Berrian kokatuta egongo da.
Erronkea: AEK–Korrikaren mezua mundu osoko Korrikaren lagunei eroatea
24. Korrikak hizkuntza-komunidadea ekarri nahi dau lehen lerrora. Hizkuntza gitxituek gero eta erronka handiagoa dabe hiztunak zein berba egiteko espazioak eskuratzeko edo orain artekoei eusteko; horregaitik, ezinbestekoa da komunidadearen pertenentzia —identidadea— hizkuntzeagaz izaniko gozamenezko bizi-esperientziei lotzea. Hauxe da, hain zuzen be, AEKren helburua: Euskal Herriko biztanle guztiak euskeraz eroso bizitea eta egoera berbera nahi leuke munduko hizkuntza gitxiagotu guztietan. Hori dala eta, mezu bat zabaldu nahi dau munduko bazter guztietan eta, horri begira, ahalik eta lengoaia gitxiagotu gehienetara itzuli nahi dau. Beraz, horra hor erronkea mundu osoko Korrika lagunontzat!
Bideo-lehiaketea, Etxepare Institutuagaz alkarlanean
Mundu osoko ikasleek euskerearen aldeko aldarriak bialduko ditue bideo formatuan. AEKren YouTubeko kanalean egongo dira eta ikusleek gustukoenen alde botoa emoteko aukerea izango dabe.
Bosgarren aldiz atondu dabe bideo-lehiaketea, Etxepare Institutuaren eskutik. Kategoria bi izango ditu: batetik, munduko Euskal Etxeetatik bialdutako bideoak, eta bestetik, nazinoarteko unibersidadeetako irakurletza egitasmoetatik jasotakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
