Enpresa munduan euskerea sartzearen onurak jorratu ditue Jagon Jardunaldian

Bizkaie! 2019-11-18 07:53   Euskerea berbagai

Bilboko Merkataritza Ganbaran aditu ugari batu dira.

Argazkiak: Euskaltzaindia | Ikusi handiago | Argazki originala

Arlo sozioekonomikora begira jarri da Euskaltzaindia XXIV. Jagon Jardunaldian, sektore horretan euskereak aurrera egiteko tarte zabala daukalakoan. Egun biko egitarauak adituak, ordezkari politikoak eta enpresearen munduko arduradunak batu ditu, Bilbon, Merkataritza Ganbarearen egoitzan.

XXIV. Jagon Jardunaldiaren nondik norakoak Sagrario Aleman euskaltzainak azaldu ditu: Gure bizitzearen zati bat lanean emoten dogu, eta ezinbestekoa da arlo horretan euskerea sartzea. Administrazinoa, irakaskuntzea, literaturea eta beste hainbat esparru kontuan hartuta, aurrerapausuak handiak izan dira hizkuntzearen normalizazinoan, baina alor ekonomikoan atzerago doa prozesua. Jardunaldiak helburu bi dituala dino Alemanek: Arlo sozioekonomikoaren funtzinoaz gogoetea egitea, eta bestetik, arlo horretako erronken inguruan berba egitea.

Lehenengo egunak egoerea kokatzeko eta ikuspegi teorikotik begiratzeko balio izan dau. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Jaurlaritzearen izenean egin dau berba. Adituen partetik, Jon Sarasua, Mikel Irizar eta Eneko Bidegainen ekarria aitatu leiteke. Azkenik, euskerearen egoerea munduko beste esperientzia batzukaz konparetako, Quebeceko François Vaillancourt etorri da Bilbora.

Bigarren egunean praktikara egin dabe salto jardunaldiek. Adibide praktikoak emon ditue enpresetako, sindikatuetako eta euskalgintzako ordezkariek. Artez enpresako Leire Solozabalek labur eta zehatz adierazo dau jardunaldian bueltaka ibili dan idea bat; hau da, euskereak errentagarri bihurtu leikezala enpresak. Artezen eskarmentuak dinoanez, motibazinoa areagotu eta markea sortzen laguntzen dau euskereak.

Eñaut Zubeldia ikerlariak ganeratu dau euskereak kalidade handiagoko lanpostuakaz loturea daukala. Datu estadistikoen arabera, egindako ikasketakaz bat datozan lanpostuetan gehiago erabilten da euskerea, emakumeek gizonek baino gehiago, eta kooperatibetan batez be.

ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariek, ostera, neurri barriak eskatu ditue, lan arloan euskereak aurrera egin deian. Konsumitzaileen Alkarteko Maider Arregik, bestetik, salatu dau hizkuntza eskubideen ganeko arauak egon badagozala, baina errealidadean ez dirala beteten, eta, beraz, konsumitzaile euskaldunak behar baino informazino gitxiago jasoten dauela bere hizkuntzan.

Artez, AEK, Emun eta Elhuyarreko ordezkariek antzeko hutsunea igarri dabe txikizkako merkataritzan. Paisaia linguistikoan komertzioak daukan pisua kontuan izanda, erakundeek ahalegin txikiegia egiten dabela uste dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu